Aster NAVAS
KOLABORAZIOA

Arrainak zekartzan albisteak

Zin dagizuet nire emaztearen urtebetetze oparia aspaldi erosi nuela. Ez dakit nola ahaztu zitzaidan hura biltzeko paperaren xehetasuna. Kontua da hemen nagoela, igande gauean, maniobratzeko tarterik gabe. Zuek oso gazteak zarete eta ez didazue sinetsiko: garai batean ez zegoen gauzak biltzeko berariazko paperik. Horren ordez egunkari-papera paketeriako eta enbalajeko material gisa erabili behar izan zen hainbat hamarkadan.

Hala, dozena bat gaztainak iritzi-artikulu bat zekarten oparitan; torloju kaxa batek, berriz, urtegi baten inaugurazioari buruzko erreportaje erdi bat; pitxer batek, 1976ko martxoaren 24ko eskelak; eta txorizo ogitarteko batek gurutzegrama eta letra-zopa zekartzan.

Astearteko arraina asteleheneko egunkarian biltzen zen; asteazkenekoa asteartekoan... Hori, arrain-saltzailea gaurkotasunak kezkatzen bazuen. Bestela, arraina bazetorren bilduta duela aste edo hilabete batzuetako albisteetan: txitxarroa fresko zegoen, berriak ez hainbeste. Oso esanguratsua da informazioaren eta egunerokotasunaren arteko topaketa hori. Kilo bat sardinarekin Ligako sailkapena oparitzen zizuten eta merlenka batekin Citroen kotxe baten −para gente encantadora− iragarkia.

Horixe izan zen haurtzaroan, hemeroteka bitxi horri esker, egunkariekin izan nuen harreman bakarra.

Julio Cortazarrek oso ondo kontatzen zuen “Kronopioen eta famen istorioak” liburuko “El diario a diario” kontakizunean: idazleak parke bateko bankuan abandonatutako egunkari bat erakusten digu. Norbait eseri eta irakurri arte gauza hori «orri inprimatu pilo bat» besterik ez da. Gazte bat eta emakume zahar bat dira eraldaketa horren arduradunak: «Bankuan bakarrik geratu orduko, orri inprimatuen piloa egunkari bihurtzen da berriro, adineko emakume batek aurkitu eta irakurtzen duenean. Gero emakumeak etxera darama egunkaria eta kilo erdi bat zerba paketatzeko erabiltzen du; horretarako balio baitute kazetek, metamorfosi kitzikagarri horien ondoren».

Bilgarriarena bezain erabilera bitxiak edo bitxiagoak ditu. Jaitsiera bati edo kontrako haize bati aurre egin behar ziotenean, txirrindulari profesionalek egunkari-papera jartzen zuten arroparen azpian, hotzetik babesteko. Isolatzaile termiko bikaina izateaz gain, gorputzaren izerdia xurgatzen du eta.

Oso aproposa da oinetakoak lehortu edo handitzeko; barbakoa bateko sua pizteko; pieza hauskorren bat babesteko material bikaina da. Horrela, eskaiolazko irudi batekin, “Egin”-en ale baten orrialde guztiak −zimurtuak− ere ematen dizkizute; Paredes zapatila busti batzuen barruan bazeneukan “La Gaceta del Norte”-ren nazioarte sail osoa.

Prentsa idatziaren erabilera horiek umiltasun ariketa ezin hobea iruditu zaizkit beti. Zerbait gogoangarria idatzi zenuela uste zenuen, eta lerro horiek ekilore-olioz zikinduta topatzen zenituen sukalde bateko zoruan. Inpresio hori, frustrazio hori oso ondo deskribatzen du Maruja Torres zutabegileak.

Bestalde, albisterik garrantzitsuenaren benetako inportantzia erakusten du. Gertaera horrek mundua aldatuko zuelakoan zeunden, eta urte batzuk beranduxeago, haren albiste hori kaxoi baten hondoan aurkitzen duzu, galtzontzilloen azpian.

Azkenean Silviaren oparia egunkari-paperean bildu dut. Duela egun batzuk Bilbao Basketi buruzko GARAk argitaraturiko orri bat aukeratu dut: “Los hombres de negro transmiten buenas sensaciones”. Betidanik gustatu izan zaio saskibaloia. Beste aldetik, Fiterok Broncano eta Motosen arteko gerrari buruz hausnartzen du. Interesgarria.

En fin.