GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA

Gose gehiago bai, hozkarik ez

Beckerrek bi aukera garbi izan zituen, eta Oskarssonek beste bat. Oyarzabali bertan behera utzi zioten gola, jokoz kanpo zegoelako. Aurreko partidetan Realaren kontra gertatu ez bezala, epaileak ez zuen esku bat adierazi etxekoen area barruan.

Oskarsson, uda honetan Realeko fitxaketa nabarmenena, titular izan zen eta burumakur amaitu zuen Valladoliden. (AGENCIA LOF)

Hutsekoak gatzgabeko partida baten emaitza dirudi. Baina atzo, Valladoliden, bazkalorduan jokatu zen neurketak gatza izan zuen. Realari aurreko jardunaldietan baino gose gehiago nabaritu zitzaion, baina oraindik gauza asko hobetu behar ditu; batez ere kirol honetan agian garrantzitsuena dena: golak egitea.

Futbolean gauzak ondo ateratzen direnean, sistema ez aldatzea izaten da onena, baina Realaren Liga hasiera ez da ona izaten ari, eta aurreko partidatik hona Imanol Alguacilek lau aldaketa egin behar izan zituen hasieratik Valladoliden. Aranburu, Kubo, Becker eta Oskarsson zelairatu zituen hasieratik Elustondo, Aihen, Barrenetxea eta astean zehar autokritiko agertu den Oyarzabal kapitainaren partez. Egia da hainbeste aldaketa egin beharrak bi alde dituela. Batetik, Imanol minutuak banatzen ari da jokalarien artean eta horrek motibazioa igo diezaieke txuri-urdin guztiei, lehiakortasuna ere areagotu dezakeelako; baina, bestetik, taldeak oraindik ez du %100ean funtzionatzen.

Zorrillako zelaia izan zen horren lekukoa. Lehen zatian Valladolid oso ondo hasi zen eta Reala dudekin aritu zen. Gainera, udako merkatuaren azken momentuan iritsi eta hamaikakotik atera ez den Aguerd erdilariak txartel horia ikusi zuen partidako lehen minutuan, 14. segundoan hain zuzen ere. Ondoren, donostiarrek baloiaren jabetza hartu zuten, agian aurreko denboraldietan izan dutenera iritsi gabe, baina atearen aurrean hozkarik egin gabe aritu ziren.

Adibide batzuk jartzearren, 10. minutuan Realak bi aukera garbi izan zituen jokaldi berean. Becker eta Kuboren arteko jokaldi batean, japoniarrak area barruan pasea eman zion Oskarssoni, honek ezkerrez jaurti eta atzelari batek atera zuen baloia; eta alderatzean Aranbururen jaurtiketak atezainaren eskuetan amaitu zuen. Jokaldi horretan, Cenk atzelaria lesionatu egin zen islandiarraren jaurtiketa ekiditean. Valladolid eskas ari da atzelariekin. Atzo Sierra Leonako Juma Bah gazteak debuta egin zuen titular bezala, taldera iritsi eta gutxira. Eta, Cenken ordez, Torres azken erdilariak atera behar izan zuen.

Reala ondo jokatzen ari zen momentu horretan, nahiz eta kontrako aldean Moro mina egiten ari zen Aranburuk defendaturiko hegalean. Beckerrek aukera oso garbia izan zuen 28an. Bere zelaitik atera zen abiada bizian, zelai erdian hartu zuen baloia Kuboren pase luze batean eta atezainaren aurrean gelditu zen bakar-bakarrik, baina azken momentuan motelegi aritu zen eta Amallahk atera zuen baloia.

Bigarren zatian, aukerak amaitzen ez zirela ikusita, Imanolek lehen aldaketak egin zituen. Oyarzabal protagonista izan zen hurrengo bi jokaldietan. Lehenengoan eibartarraren burukada gora joan zen eta bigarrenean baloiak sareetan amaitu zuen, baina epaileak bertan behera utzi zuen jokoz kanpo zegoelako.

Polemikarako tartea ere egon zen. Izan ere, aurreko partidetan Realaren kontra gertatu ez bezala, epaileak ez zuen esku bat adierazi etxekoen area barruan, Beckerren erdiraketa batean.

Azken minutuetan Reala ondo defendatu zen eta zelai barruan erakutsitako gosea bazkari-askarian ase behar izan zuten txuri-urdinek.