22 SET. 2024 KANTXETAKO ARTISTEK AMAIERA EGOKIA JARRI NAHI DIOTE UDAKO FILMARI Donostia zinema izarrez beteko den asteburuan, kantxetako artistek ere protagonismoa izango dute Gipuzkoako hiriburuan. Atano III.a bezalako eszenatoki historiko batean Udako Master gidoiari amaiera egokia jarri nahiko diote Etxegarai-Gaminde eta Arrizabalga-Bergara, igandeko finaleko protagonista nagusiek. Donostiako Atano III.ean igandean jokatuko den finalaren aurkezpena asteazkenean egin zuten. Olatz Arrizabalagak ez zuen agertzerik izan. (EMAKUME MASTER CUP) Jon ORMAZABAL Emakumeen esku pilotak azken urteetan izandako iraultza izugarriaren garaian, aurreko hamarkadetako partida eskasiari agenda beteko udek erreleboa hartu diote eta, gizonekin gertatzen den antzera, kantxetako artistek urteko sasoirik oparoenari amaiera emango diote Udako Mastersaren eta San Mateotako finalekin. Lehen finala igande honetan jokatuko da Zinemaldiaren zurrunbiloan murgilduta dagoen Donostian (Etxegarai-Gaminde / Arrizabalaga-Bergara) eta Logroñon festetako burrunbaren osagarri izango da esku pilota Aldai-Capellan / Zabalet-Erasun lehiarekin. Partida kopurua biderkatzeaz gain, finaletako protagonisten izenak ia modu berean biderkatu izana albiste ederra da kirol honen etorkizunarentzat. Udan Euskal Herriko txoko desberdinetan partida ugari jokatu dituzte Emakume Master Cup zirkuituan parte hartzen duten pilotariek, eta Masters honetan gehien nabarmendu diren Etxegarai-Gaminde eta Arrizabalaga-Bergarak merezi duen amaiera eman nahi diote aurtengo udari, neguko helburu serioagoei ekin aurretik. Bikotearen zama eramatera deituak dauden bi bizkaitarrak NAIZ Irratiko mikroetatik igaro dira astean zehar eta, spoilerrik egiteko beldurrik gabe, Atano III.eko finalaren gidoia errepasatu nahi izan dugu. Printzipioz, Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde irtengo dira faborito gisa, ez dituzte eta alferrik irabazi orain arte jokatutako partida guztiak. Azken hiru urteetan elkarrekin aritu dira udako Masters honetan. Euren jokoan garapen eder bat izan ostean, orain arte lortu ez duten txapela kolkoratu nahi dute. Duela bi urte finalera heldu bai, baina ez zuten irabazterik izan. Iaz finalerdietan amore eman zuten. Eta aurten azken pauso hori emateko prest eta jokoarekin kantxaratuko dira, pilotaren historian kapitulu berezi bat duen kantxa historikora. «Txapelketa oso ona egin dugu. Maila onean aritu gara. Uste dut Maddalenek nik baino maila hobea eman duela, baina tira. Prest gaude, eta ea finalean ere maila ona eman eta irabazterik dugun», adierazi zuen Laukizko atzelariak. Oñatiarraren eta bizkaitarraren txapelketa oso sendoa eta erregularra izan den bitartean, gorabeheratsuagoa izan da gernikarrarena eta Tuteran jaiotako pilotariarena. Hori bai, behetik gora egin izanaren usteak konfiantza ematen die igandeko zita handiari begira. «Egia da ligaxka fasean ez nintzela oso gustura aritu. Ez nituen partida onenak jokatu. Udan partida asko izan dira, eta erritmo falta edo nabaritu nuen, ez nintzen kantxan oso eroso topatzen. Baina ligako azken partidan hobeto sentitu nintzen, eta finalerdietan -22-17 irabazi zieten Larrarte-Mendizabali- are hobeto. Eskuetatik ondo, pilota txisparekin irteten zitzaidan. Joko aldetik maila onean eta konfiantza puntu horrekin helduko naiz finalera. Badakit, finalerdietan partida txarra egin izan banu, zalantzekin helduko nintzela, baina alde horretatik behintzat oso lasai. Ea antzeko partida irteten den», aipatu zuen Olatz Arrizabalagak. Pilotaleku gogorra de berez Zarauzko Aritzbatalde. Eta bertako partida ere borrokatua irten zenez, eskuetatik justu antzean amaitu zuen aurrelari bizkaitarrak igandean. Horrek asteartean jokatu behar zuen San Mateo torneoko finalerdia jokatzeari uko egitera eraman zuen Arrizabalaga, igandeko finala lehenetsita. Astean zehar egindako probetan, ordea, ondo sentitu da eta eskuetatik inolako aitzakiarik gabe kantxaratuko da. IDEIAK ARGI Elkar ondo ezagutzen duten lau pilotari dira igandean Atano III.ean kantxaratuko direnak. Elkarren artean sekreturik ez dago apenas. Bi bizkaitarrek ez dute ezkutatzen partida nondik joan daitekeen. «Badakit eurak ni ekiditen saiatuko direla. Ligako partidan ere hala ibili ziren, eta horregatik nik ere defentsa lan handia egin beharko dut, ze nire bikoteak laguntza beharko du, lan handia izango du atzean. Ea partidaren ekimena nik eramaterik dudan. Nik erasoan sartzeko pilota asko izaten baditut, irabazteko aukerak izango ditugu», azaldu zuen Olatz Arrizabalagak. «Uste dut Olatz eta Arrate momentu onean heldu direla, eta nire lana ondo egin beharko dut hor atzean. Eutsi eta gozatu ahal bada, hobeto. Eta gero Maddalenek aukerak dituenean, tantoak amaitu ditzala. Iruditzen zait gure aldetik gakoa atzean egon daitekeela, ze Olatzek egun ona badu, oso arriskutsua da. Nik uste, jokoa Arrateri kargatzen badiogu, tantoak errazago jauzi ahal direla gure aldera, aukera gehiago izango ditugula», esan zuen Laukizkoak. Olatz Arrizabalagak ere argi du, arriskuak hartu behar baditu ere, jokoan sartzen eta partida frontisetik gertu joka dadin saiatu behar duela. «Nik aurreko koadroetan gehiago izan beharko nuke esperientziagatik eta indarragatik, eta horra eraman beharko nuke partida. Jokoan sartu behar dut. Haien jokoan sartu eta partida luzatuz gero, euren aldera eroriko dela iruditzen zait. Eta horretan saiatu beharko dut, nik jokatzeko pilota asko izaten», azaldu zuen gernikarrak. Enara Gamindek ere nahiko argi dauka aurkarien estrategia bera jokoan sartzen ekiditean oinarrituko dela. «Badakite nahiko segurua naizela atzean. Olatz saiatuko da aurreko jokoa egiten, baina ni horretarako prest nago eta, Maddaleni lagundu behar badiot, aurrean, ba, lagunduko diot». Ez dirudi, beraz, igandeko finalaren gidoiak azken uneko espero gabeko birarik izango duenik. Baina jakina da, zineman bezala, finaletan edozer dela posible. Goi mailako ikuskizun bat ematen saiatuko dira lehenengo eta, ahal dela, urrezko maskorrik ez, baina txapel dotore bat etxeratzen.