22 SET. 2024 ZORROZTARRIA Psikosia! Julen MURGOITIO Ofiziozko uda amaitua da, eta ofizialean udaren azkena ez den udazkenari bidea eman dio. Gabonen usaina ondorio. Udal gordailuko kale-argien kutxei hautsa kentzen hasiak dira. Eta loteria zenbakiak ere nonahi agerian, osasun zentroko itxaron zerrendako iragarkiaren bazterrean ere… Eta egutegi berriak ere labean! Ez dute ba hemengo lehendakari batek eta hango presidenteak adostu, edo, egutegi berria berriki! Bai, badakit, transferentziena izan da, bai, arrazoi, baina egutegia! Hori bai, hispanitate egunak segituko du jai behartua izaten; zubirako aukera ematen badu, gaitz erdi, edo. Amen! Tira, harira! Marea biziak bizi izan ditugu egunotan, kostaldean prefosta! Antza, izarren lerrokatzeak izan du zer ikusirik. Donostiara bildutako izarrak, beharbada. Total, zinemaldiak etorri behar izan du Lakuako gobernuko buru berriak legebiltzarrean estreinatu daitezen sesio ofizialean. Nork bere gidoia; ekintza eta komedia nahasita, komeria ere tartean. Denborak esango du usteak zenbatetan izan diren ustelak. Eta denboraz ari naizela, buru aldetik pasatu zait Nafarroako zenbait udalek hartuta duten erabakia, hots, herrikideei eskatu lau minutura mugatzeko dutxa denbora. Ura ganoraz erabiltzeko neurria, ur-kontuetan ganorabako ez izatekoa. Zinemaldira bueltatu nau albisteak. Izan ere, ura aurrezteko ausardi handia agertu izan dute film zuzendari batzuek historian zehar. Horra “Psikosia” zuzendu zuen maisu harena. Zenbat jendek ez zuen/genuen gure dutxa denbora murriztu eszena esanguratsu hura ikusi ostean! Niri beldurra ematen zidan dutxak lau minututik harago. Eta han goian, muinoan, zen etxetzar harena? Ama, ama! Film haren euskal remakea egiten badute, Ezkioko tren geltokian filmatu dezakete. Balioren bat izateko sikiera…