23 SET. 2024 EDITORIALA Euskara biziberritzeko tresna eta ahalmen berriak Adimen artifiziala loraldi betean dago eta bizitzako esparru oro eraldatzen ari da. Tartean, baita praktika linguistikoak ere: adibidez, ohikoa bilakatu da testuak itzultzaile neuronalaren bidez itzultzea. Testuinguru horretan, Soziolinguistika Klusterrak egindako “Itzulinguru” ikerketak ondorio argia plazaratu du: hizkuntza-komunitateak aurrerantzean komunitate digitalak ere izan beharko dira. Modernitatean hizkuntza-komunitateek idazteko eta hedatzeko teknologia jakinak behar izan zituzten bezala, egun mundu digitalean nabigatzeko teknologiak ere behar dira, esparru hori «bitarteko unibertsala» izango baita. Euskararen eta beste hizkuntza gutxituen kasuan, auzia hil ala bizikoa da. Hori kontuan izanik, itzultzaile neuronalak ekarritako berrikuntzen eta euskararen biziberritzerako eskaintzen dituen ahalmen berrien inguruko mapa zabala eskaini dute ikerketan. Batetik, horrek dakartzan aukera berriak nabarmendu dituzte: testuak euskaratzeko, euskaraz testu gehiago sortzeko, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzeko edota euskarazko funtzionamendua orokortzeko bidelaguna izan daiteke. Bestetik, joera batzuk marraztu dituzte: idazketak sinpletu eta irakurketak erraztu egingo dira, bereziki administrazioan; idazketa ikono, irudi edo soinua bezalako baliabideekin osatuko da; erregistro ezberdinak tartekatuko dira… bistan denez, hiztunen arteko harremanak ez ezik, hizkuntzak eurak eta horien inguruko iruditeriak ere eraldatu egingo dira. Ikerketan azpimarratzen dutenez, teknikak ez dira neutroak, ordea. Tresnen diseinua teknikoa ez ezik soziala ere badenez, eraldaketa onerako edo txarrerako izango den ez dago aldez aurretik idatzita. Hori egindako hautuen eta teknologia horiei emandako norabidearen arabera ebatziko da. Hala izanik, herri gisa erabaki estrategikoak hartu eta tresna horiek euskararen biziberritzearen alde lerratzea da erronka: eremuz eremu horiek erabiltzeko irizpide propioak ezarri, azpiegiturak taxutu (aplikazioak, datu baseak eta abar), sorkuntzan sakondu... hala eginez gero, orain arte ezinezkoak ziruditen ortzi-muga, bide eta eztabaidak irekiko dira.