J.O.
EMAKUME MASTER CUP

Glamourraren Donostian, Etxegarai eta Gaminderen sendotasuna nagusi

Txapelketa osoan bezala, oñatiarra eta Laukizkoa arerioen gainetik izan ziren, eta partidarik galdu gabe jantzi zituzten txapelak, finalean Arrizabalaga eta Bergarari 22-12 gailenduta. Gernikarra saiatu zen aurkarien erritmoa nahasten, baina ez zuen lortu.

Elkarrekin jokatutako hirugarren Mastersean Etxegarai-Gamindek txapelak janztea lortu dute.
Elkarrekin jokatutako hirugarren Mastersean Etxegarai-Gamindek txapelak janztea lortu dute. (EMAKUME MASTER CUP)

Zinemako artisten distirak hartutako Donostian, uda osoan zehar Euskal Herriko hamaika pilotalekutan antzeztutako gidoiari jarraituz, Madalen Etxegaraik eta Arrate Bergarak Udako Mastersaren txapelak jantzi zituzten atzo, euren jokoaren sendotasunari esker. Finaleko tantorik ikusgarri eta txalotuenak, ziurrenik, Olatz Arrizabalagarenak izan baziren ere, hasi eta buka, urdinek partidaren aginte makila euren eskuetan izan zuten. Hamaika ahaleginen ostean, elkarrekin jantzi duten lehen txapela izan da honakoa. Urrutiegira joan gabe, txapelketa honetan bertan hirugarrenez aritu dira batera aurrelari gipuzkoarra eta atzelari bizkaitarra. Duela bi urteko finalera heldu ostean, iaz aurreko pausuan geratu ziren, baina aurten txapelak bururatzea lortu dute, euren jokoan izandako garapenaren ispilu.

Finalaren gidoiak ez zuen Atano III.eko harmailak bete zituzten 1.000 pilotazaleak txunditzeko azken orduko ezustekorik ekarri, eta lehen pilotakadatik Arrate Bergara zigortzen saiatu ziren Etxegarai eta Gaminde. Agian, biribila izateko, emozio apur bat beharko zukeen atzoko finalak.

Laukizkoa izango da, gaur egun, atzeko koadroetako atzelaririk indartsuena eta, atzo ikaragarrizko zuloak ireki ez zituen arren, sarri erakutsi zion bizkarra aurkariari eta apenas galdu zuen pilotarik. Hortxe egon zen finaleko alderik handienetako bat, egindako akatsetan, urdinek ia akatsik egin ez duten bitartean, Arrizabalaga eta Bergarak txapelak jantzi ahal izateko behar baino gehiago bota baitituzte. Garaipenak eta aurkarien sendotasunak final ia perfektua eskatzen zien gernikarrari eta Tuteran jaiotakoari, baina, gaizki ez jokatu arren, ez ziren irabaztetik gertu egon inoiz, nahiz eta markagailuak justizia askorik ere ez zuen egin galtzaileen lanarekin.

OLATZ, OLDARKOR

Aurrelari gernikarrak ez zuen onartu nahi izan aurkariek beretzat nahi zuten bigarren mailako aktorearen papera. Partida luzatzeak mesederik egiten ez ziela jakitun, oldarkor aritu zen lehen momentutik, eta horrek ere eragina izan zuen gorrien zenbait akatsetan. Atzelariari laguntzeko pilota zailetara sartu behar izan zuen eta erritmoa aldatzeko ahalegin horretan ere arriskuak hartu behar izan zituen erasoan.

Hori bai, borrokarako grinarik ezin ukatu Arrizabalaga eta Bergarari, lehen txanpan partida oso zail jarri bazitzaien ere -10-3 joan ziren atzetik-, ez zioten partidari aurpegirik galdu nahi izan. Hortxe etorri zen gorrien partidako unerik onena, sakea eta euren gustuko pilota bat eskuratuta, bi tantora hurbiltzea lortu baitzuten (10-8). Bikain aritu zen tarte horretan Arrizabalaga, lehen pilotakadatik aurkariak behartuz eta errematean zorrotz.

Hala ere, ez ziren partida orekatzeko gai izan. Pixkanaka urdinek berriro hautsi zuten markagailua euren aldera. Gamindek atzean izandako nagusitzaz harago, azpimarratzekoa da Etxegaraik jokatutako final handia. Parean zirkuituko aurrelaririk arriskutsuenetako bat izan arren, gazte oñatiarrak sekulako partida eta txapelketa jokatu ditu. Oso serio aritu zen txantxikuarra, pilota ondo atzeratzen, tokatu zitzaionean defentsa handia erakusten eta tantoak amaitzeko orduan ere postura oso politak hartzen.

Arrate Bergarari dagokionez, finaletan esperientzia handirik ez du, eta parean egokitu zitzaion arerioa kontuan izanda, ezin esan partida txarra jokatu zuenik. Ondo defendatu zen, baina azkenean amore eman behar izan zuen, ezer oparitu ez duen bikote baten aurrean.

HIRU HIRIBURUAK

Uda partidaz gainezka egon bada ere, emakumeen esku pilotako udazkena ere bete-bete dator, hurrengo asteburuan hitzordu garrantzitsuak izango baitira. Larunbatean sanmateotako finala jokatuko dute Aldai-Capellan eta Zabaleta-Erasunek. Igandean berriz Donostiako Atano III.era itzuliko dira pilotariak, bertan hasiko baita aurtengo Hiru Hiriburuak lehiaketa.