I. MATEO - A. ARTOLA
DONOSTIA
ZINEMALDIA 2024

Harreman toxikoen kateak eta mendeku gosea, atzoko Sail Ofizialean

Zinemaldian aski ezaguna den zuzendari batekin abiatu zen atzo Urrezko Maskorrerako lehia. François Ozonek harreman toxikoen katea noraino irits daitekeen erakutsi zuen “Quand vient l’automne” filmean. Kiyoshi Kurosawa zuzendari japoniarra lehenengo aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra irabazteko, “Serpent’s Path” filmarekin egingo du, mendeku gose gordinez.

Ezkerrean, «Quand vient l’automne» filmeko lantaldea, Ozon zuzendaria erdian duela. Eskuinean, «Serpent’s Path» filmeko kideak. Goiko argazkian, erdian, Damien Bonnard pertsonaia nagusia.
Ezkerrean, «Quand vient l’automne» filmeko lantaldea, Ozon zuzendaria erdian duela. Eskuinean, «Serpent’s Path» filmeko kideak. Goiko argazkian, erdian, Damien Bonnard pertsonaia nagusia. (Jon URBE | FOKU)

Urrezko Maskorrerako lehian sartu diren filmen aurkezpenak aurrera segitzen du Zinemaldian. Atzo, jada jaialdiko garaikur nabariena eskuratuta daukan (“Dans la maison”, 2002) zinemagile baten proposamenak abiatu zuen goiza: François Ozonen “Quand vient l’automne”.

Marie-Claude eta Michelle, Borgoinako herrixka batean bizi diren bi adineko emakume daude filmaren muinean: lehenaren semea kartzelatik atera berri da, eta bigarrenak, ustezko ezbehar baten ondotik, familia galtzeko zorian ikusiko du bere burua. Filmak aurrera egin ahala, harreman toxikoen kateak norainoko segida izan dezakeen erakutsiko digu Ozonek, baita familiak norberak eraikitzen dituen horiek direla ere, odoleko loturez gaindi.

«Emakumeak askotan ikusezinak dira zineman, eta horregatik rol nagusiak eman dizkiet», nabarmendu zuen Ozonek filmaren lehen emanaldiaren ondoko prentsaurrekoan.

Gidoirako oinarria gertakari erreal batetik sortu zitzaiola kontatu zuen: «Nire izeba batek familia bazkari bat antolatu zuen eta onddoak biltzeko ideia izan zuen. Denek erietxean bukatu zuten oso gaixorik; denek, berak izan ezik, ez baitzuen onddorik jan. Beti gustatu izan zait ideia hori, eta haurra nintzenean ere ikaragarri gustatzen zitzaidan nire izeba, familia osoa akabatu nahi izan zuelako», esan zuen.

Gertakari horretatik abiatuta, Ozonek familia gatazkez eta isilpean gordetzen diren kontuen toxizikotasunaz dihardu filmean, eta elipsi horiek bizi ditu ikusleak ere, zuzendariak interpretaziorako libre uzten baititu zenbait hari mutur. «Muntaketak istoria berridazteko aukera ematen dizu, eta gauza batzuk ez erakustea erabaki nuen. Ikuslearen inteligentziaren aldeko apustua egin dut. Bizitzan, askotan gaizki interpretatzen ditugu zenbait gauza, eta beharbada urteak igarota ohartzen gara ez genituela ondo ulertu. Askotan, omisioagatik hanka sartzen dugu, eta hemen ikusten da familiako kideek ez diotela elkarri dena kontatzen eta, gainera, nahiago dutela ez jakin», adierazi zuen.

Hasieran ezkutatzen den gaietako bat da prostituzioa, filmak aurrera egin ahala pisua hartu eta pertsonaien iraganeko loturak -eta orainaldiko gatazkak- agerian uzten dituena. «Garrantzitsua zen emakume horiek iragan bat izatea beren zailtasunak azaltzeko, seme-alabak hazteko modua ulertzeko: batek jarrera oldarkorra du amarekiko eta bestea kartzelatik atera berri da. Ama prostituta izan zuten hainbat pertsonarekin hitz egin nuen, eta denek esan zidaten zaila zela, batzuk ama baztertu zuten, eta beste batzuk onartu edo biktima bezala ikusten dituzte. Frantziako gizarte segurantzan erretirorik ez dutenez, bizitzako azken urte horiek bizitzea oso zaila da», nabarmendu zuen.

«SERPENT’S PATH»

Pelikula hau Kiyoshi Kurosawa zuzendari japoniarraren 1998ko izen bereko film baten remakea da. Lehen aldiz lehiatzen du Donostiako Urrezko Maskorra eskuratzeko. Mendeku gosea, misterioa, isildutakoak eta erdizka esandakoak zein une batetik bestera ikuslearen hipotesiak nahasi ditzakeen filma da atzo arratsaldean aurkeztutakoa: mendeku estrategia fin bat, bere suspense eta hutsuneekin. Azken orduan bertan behera geratu zen pelikulako protagonistekin egitekoa zen prentsaurrekoa. Parisko aldiriak dira bertsio berriko kokalekuak, eta oraingoan Albert da protagonista nagusia (Damien Bonnard), bere alaba txikiaren hilketa bortitzarengatik mendeku hartuko duela zin egiten duen freelancea. Bere bidean Sayoko (Kou Shibasaki) doktore japoniarrak lagunduko dio, arrazoi ezezagun batengatik mendeku gose eta irrika sumatzen zaio. Zerbait ezkutatzen duela nabaria da, baina Albertek itsu-itsuan jarraitzen du bere alabaren hiltzailearen bila.

Alberten alabaren hilketa nork egin duen jakiteko bidean, sekta misteriotsu batekin topo egingo dute, eta talde horrek haurren trafikoarekin lotura duela egiaztatuko dute. Ikertzen segitzeko, informazioa ustez sektako kideak diren pertsonak bahituta eta torturatuta lortzen dute. Ekintza gordin berak egiten dituztenez bahitutako pertsona bakoitzarekin, azkenerako errepikakorrak bihurtzen dira eszenak. Galdeketa horietako batean Sayokok jakingo du Albert ere sektako kidea izan zela. Bere alabaren hiltzailea aurkitu nahi duenari zergatik lagundu, muturreko ekintzak egiteraino? Esandakoa baino askoz gehiago da ezkutatzen dutena.