Jon GARMENDIA
Idazlea

Tximinia

Tximinia piztu dugu udazken atarian. Ez dakit uda joan den, edo Sanmigeletako uda txikiak beroa ekarriko digun berriro, izan liteke Sanmartinetakoak gozatuko digula azala azaroan, bestela; baina momentuz, etxean, pago egurra suak nola kontsumitzen duen ikusi dugu tximiniari begira.

Thomas de Quincey idazleari utziko diot hitza: ez dadila izan udaberria, ez uda, ez udazkena, negua baizik, bere formarik gordinenean. Hau garrantzi handiko puntua da zoriontasunaren zientzian. Harritzen nau honi erreparatu ez dion jendeak, negua amaitzean pozten direlako, edo, ez dela oso hotza izango ematen badu. Nik, aldiz, eskaera bat egiten dut urtero, zeruek eskain ditzaketen elur, txingor, izozte eta edonolako ekaitz guztiak izan ditzagun.

Izan ere, denek ezagutu behar lituzkete tximinia batek neguan ekartzen dituen plazer zoragarriak». Eta hor, ‘‘Opiozale ingeles baten aitorpenak’’ idatzi zuen autodidaktaren hitzek margolan bat sortzen dute, errealitatetik partituz eraikitako fikzio koloretsu bat.

Azken finean, metafora horretan datza gakoa niretzat, errealitateari aurrez aurre behatuta, barneko suari egurra bota eta zuretik eta niretik jarrita bizitzaren margolana pintatzean. Hor, euri, txingor eta hotzak kanpoan gelditzen direlako, zu, tximiniari begira, zure zoriontasunean zauden bitartean.