25 SET. 2024 [ ANNE GENETET ] Diputatu zela, hizkuntza gutxituen kontra jo zuen Hezkuntza ministro frantses berriak (Antoine LAMIELLE | WIKIMEDIA COMMONS) Maite UBIRIA BEAUMONT Anne Genetet astelehenean jabetu zen karguaz, Parisen. Dosierren gaineko ezagutza eskasa egotzi diote izendatu berriari alorreko sindikatuek. Ibilbide berezi bezain laburra izanik ere, bere lehenengo legealdian diputatu gisa «Molac legea» deuseztatzeko jarrera aktiboa hartu zuen Genetetek. Michel Barnierrek -berant handiz Macronek lehen ministro hautaturiko politikari beteranoak- eratutako Gobernuari ez diote aise aitortuko legitimitaterik Asanblea Nazionaleko talde nagusiek. 39 kidez osaturiko Gobernua begiratuz, hauteskundeak galdu zituzten Renaissance eta Errepublikanoak (LR) dira ardura gehien hartu dituzten indarrak. Analista anitzek diotenaren arabera, frantziar politikaren «armairuaren hondora» jo behar izan du Barnierrek, bere Exekutiboa fintzeko. Gisa berean, hainbat profilek sortzen duten oposizio-maila handia aintzat harturik, lehen ministroak legealdia egonkortzeko gorriak ikusiko omen ditu. Koska gehien eragin duten ministroen zerrendatzeak luze joko du. Baina tartean, astelehen eguerdian, Nicole Belloubet jarduneko Hezkuntza ministroaren eskutik Parisko Grenelle karrikako 110. egoitzako gakoak jaso zituen Anne Geneteten izenak zeresan handia eman du. Iragan uztailean, lehenik europar hauteskundeak eta ondotik Legebiltzarrerako bozak galdu zituen Macronen alderdiko diputatua da. Aski oharkabean pasatu den ibilbide horretan, ordea, bada ñabardura bat. Hezkuntza Ministerioaren agintean bere aitzin izan zenaren, Jean-Michel Blanquerren, egitasmo zinez eztabaidagarria sustatu zuen Anne Genetetek. Horrela gogorazi dute bretoieraren alde jarduten duten hainbat eragilek, beren kexak sare sozialetara eramanez. PARLAMENTUAREN ERABAKIAREN KONTRA Fronte Popular Berria (NFP) ezkertiar koalizioa izan zen uztailaren 7an boto gehien bildu zuen hautagaitza. Koalizio horrek proposaturiko lehen ministrogaia hautatzeari uko egin zion Macronek eta, geroztik, hautesleek harturiko erabakia ez errespetatzea leporatu diote frantziar presidenteari. Giro horretan, ñabardurak ñabardura, aurrekari kutsua har dezake 2021ean Asanblea Nazionalak harturiko erabaki bat bihurritzeko Anne Genetetek egin zuen hautuak. Hizkuntza gutxituen gaineko eztabaida garai hartako Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek espero ez zuen emaitzarekin amaitu zen. Hala, euskal hautetsien sostengu irmoarekin, Paul Molac diputatu bretoiaren lege-egitasmoak aitzina egin zuen frantziar Legebiltzarrean. Oroitzearren, 247 boz alde jaso zituen arauak eta 76 diputatuk kontrako botoa eman zuten. Blanquer ministroak ez zuen onartu nahi izan bozketa horren emaitza eta Kontseilu Konstituzionalera jotzea deliberatu zuen, legea indargabetzeko. Orotara, 60 diputatuk babestu zuten araua baztertzea helburu zuen helegitea, Bretainia, Alsazia, Euskal Herri, Katalunia, Korsika eta Okzitaniako ikastetxeetan tokiko hizkuntzen garapena sustatzen duten eragileek aitzinamendu historiko gisa txalotu zutena. Blanquerrekin batera, bidezidor hori hartu zuten diputatuen zerrendara gehitu zen ordurako «Molac legea»-ren aurka botoa emana zuen Anne Genetet. Ofizialki, «eskualde hizkuntzen ondarearen babeserako eta promoziorako» izena hartu zuen legea mamiz hustu zuen Kontseilu Konstituzionalak, 2021ko maiatzaren 21ko datarekin plazaraturiko ebazpenaren bidez. Irakaskuntza publikoan murgiltze sistema ezartzea Konstituzioaren kontra doala adierazi zuen ebazpen horretan Konstituzionalak. Horrela, hezkuntzatik harago, gutxitutako hizkuntzak baliatzen dituzten hiztunak egoera are ziurgabeagoan utzi zituen. 60 diputatuk sustaturiko helegitea izenpetu zuen Anne Genetetek «Molac legea»-ren kontra. Bretainia, Alsazia, Euskal Herri, Katalunia, Korsika eta Okzitaniako ikastetxeetan tokiko hizkuntzen garapena sustatzen duten eragileek aitzinamendu historiko gisa txalotu zuten lege hori.