Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren ezpondak

Musikarako grinak, joerak edo zaletasunak ez du zerikusirik musikaren ezpondarekin. Bi inklinazio dira. Lehena, musika gustu bezala hartutakoa. Bi, ezponda kulturalak (musikaren inklinazio geografikoa) zartatzeko daude. Herri guztietan ageri da musika sortzeko gogabera. Herrialde edo kultura batzuetan sortu eta lurraren ezponda batean baloiak egiten duen bezala, maldan behera dator ziztu bizian baloi kultural hori beste lurraldeen historietara idiosinkrasia berriak sortzera, transmisio berriak gauzatzera. Herri horietako ezponda tradizionalak ordokitzera, berdintzera, gainditzera. Musika askoren sorlekua Afrika omen da. Afrikako erritmo eta doinu askoren atzean dago Kuban, AEBetan eta hainbat herrietako musiken iturburua.

Zuriek beltzak esklabo hartu eta eraman zituztenean jatorrizko zurien lekuetara, hor omen dago kulturen uztarketa. Beltzek joera naturala izan dute erritmoetarako. Rocka ere beltzen grinatik dator, saltsa, soula eta abar luzea. Hesirik gabe (edo askorekin) kulturek bidaia neketsuak egin dituzte. Non dagoen lehen epizentroa galderari erantzuteak ez du argituko, joera asko batu direlako gauza ia guztietan. Rockean bezala. Itzulinguruka gabiltza biribilgunetan. Inork izan al du argi lehen mementotik nora egingo zuen kantuekin? Musikariak beti dabiltza soinuen barrandan, eta emakumeak ezponda diskriminatzaile-bortxatzailea beti du aurka. Queer mugimenduak botere harremanen desegitean dakusa irtenbide politikoa. Hainbat bidebanatze igaro ondoren, gehiago datoz beti.