GARA Euskal Herriko egunkaria

«Hard Truths», familia rolen eta botere harremanen kaiola

Mariane Jean-Baptiste eta Mike Leigh. (Maialen ANDRES | FOKU)

Emakume nekatu bat, munduarekin haserre dagoena aurkezten digu Mike Leighek ‘‘Hard Truths’’ filmean. Lehen planotik zaunkan adituko dugu Pansy (Mariane Jean-Baptistek bikain antzeztua), defentsa bezala erasoa erabilita, bere mina kudeatzeko ezgauza eta bakardadean murgilduta. Muturrera iritsi den emakumea da, immobilismoan gotortutako senarra eta semea alboan dituela, eta helduleku bakarra bere ahizpa duela, antza, egoera irakurtzeko gai den bakarra.

Panorama honetatik abiatuta, Leighek ikuspegia zabaldu eta familia rolak, botere harremanak eta isiluneek ezkutatzen dutena erakutsiko dizkigu disimulurik gabe, Pansyren unibertso intimoan sakontzen duen bitartean, denak eztanda egiten duen arte... edo ez. Hori ikusleak interpretatu beharko du.

Lehen emanaldiaren osteko prentsaurrekoan, Jean-Baptiste izan zen protagonista nagusia. Izan ere, Pansy den errusiar mendi emozionalaren barruan sartuta, antzezpen bikaina egiten du eta prentsa aretoan bera izan zen begirada guztien jomuga. «Mariane, antzezle ona izateaz gainera, oso ona da pertsonaiak eraikitzen, grina handiz lan egiten du eta benetako atsegina eta pribilegioa izan da abentura honetan halako antzezleekin sartu izana. Gerora hori ikusi egiten da pantailan», aditzera eman zuen Leighek.

Zuzendariak ohi duen moduan, gidoirik gabe eta talde lanetik abiatuta eraiki dute filma, eta lan egiteko modu hori eskertu egin zuen Jean-Baptistek. «Denbora asko eman genuen entseatzen, hutsetik hasita joan ginen pertsonaia eraikitzen», azaldu zuen, eta filmean ikusten ez den arren (aipamen labur bat egiten zaio), Pansyren haurtzaro konplexua ere landu zuten pertsonaiari kolorea emateko. Hortik, haserretzen denean ingurukoei ematen dien tratu txar berbala, baina baita bere isilune ordainezinak ere: «Ez nago ziur [filmatzean] kontziente nintzen isiltasun horiez. Zu pertsonaian sartuta zaude, erantzuten ari zara erantzun behar diozun horri. Uste dut Pansy dela dena edo ezer ere ez; hau da, hizketan ari denean, ez da isiltzen eta, gogoeta egiten duenean, oso isilik geratzen da».

Filmak bi zati nabari ditu. Lehenean Pansy sumindu eta leherkorrena aurkezten zaigu, eta bigarrenean haserre edo depresio horren jatorrira garamatza zuzendariak. Lehen zatiak komediatik duen beste du bigarrenak dramatik. Horregatik galdetuta, «bizitza komedia bat da», esan zuen Leighek, «irrigarria, erridikulua. Tristea eta dibertigarria. Beraz, jendeak [Pansyren leherketekin] barre egiten badu, ondo dago. Gero irribarrea desagertzen doa pixkanaka, baina filmak erreala izaten jarraitzen du, eta hori da garrantzitsua. Ikusleak harreman bat sortzen du filmarekin. Ze, altxa dezala eskua hileta batean barre egin ez duenak...».