GARA
GARA

Azaroaren 26an egingo dira EHUko hauteskundeak, momentuz bi hautagairekin

Ferreira eta Bengoetxea dira uneko hautagaiak.
Ferreira eta Bengoetxea dira uneko hautagaiak. (FOKU)

Heldu den azaroaren 26an egingo dira EHUko hauteskundeak. Data atzo jarri zuen Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, eta hautagaitzak aurkezteko egutegia ere onartu zuen: urriaren 9tik 29ra.

Une honetan gaur egungo errektorea, Eva Ferreira, eta Joxerramon Bengoetxea Caballero Zuzenbide Filosofiako katedraduna eta akademikoa dira aurkeztuko direla iragarri duten hautagaiak.

Azaroaren 7an finkatuko dira hautagaitzak, eta 8tik 24ra egingo da hauteskunde kanpaina.

Klaustroa azaroaren 11n bilduko da, Errektoretzara iristen saiatuko diren hautagaiek beren programak azal ditzaten.

ERREKTORE BERRIAREN IZENDAPENA, ABENDUAN

Hautagaitza bat egongo balitz, edo bat baino gehiago egonda ere batek botoen erdia baino gehiago eskuratuko balitu lehen itzulian, errektorea abenduaren 3an izendatuko lukete.

Aldiz, bi buelta egongo balira, bigarren itzulira igaroko lirateke boto gehien lortu dituzten bi hautagaitzak. Eta bigarren hauteskundeak abenduaren 3an egingo lirateke. Honela, errektorea abenduaren 11n izendatuko lukete.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Irakasle Laguntzaile Doktore izateko 27 plaza berri onartu dituela ezagutarazi zuen, gehienak jubilazio programarekin lotuta.

MILA PLAZA ESKAINI DITUZTE OROTARA

Udazken honetan aterako dira lehiaketa publikora 27 plaza berri horiek, uztaileko Gobernu Kontseiluan sortutakoekin batera, 90 plaza inguruko deialdi batean. Ekain bukaeratik deitutako 200 plazei gehitu zaizkie 90 horiek.

Era horretan, errektoretza honetan mila plaza inguru eskainiko dituzte, EHUk komunikatu batean nabarmendu zuenez.

Gainera, Enplegurako Eskaintza Publikoa onartu da 2024rako, txanda libreko 174 plazarekin: zehazki, horietako 107 irakasle atxikiak dira, 40 titularrak, beste 27 ikerketako bikaintasun agiria duten langileentzat gordeak eta 38 barruko promoziorako erreserbatuak.

Eva Ferreira errektoreak adierazi zuen plaza berrien deialdiak frogatzen duela irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak hobetzen segitzeko beren grina.