EDITORIALA

Etxebizitza, lehenesteko moduko arazoa

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilariak atzo iragarri zuen «ahalik eta udalerri gehien» tentsio handiko etxebizitza eremu izendatuko dituztela urtea amaitu baino lehen. Bitartean, datuak jaso eta aztertuko dituzte, kontseilariak azaldu zuenez, Nafarroan ez baitzegoen datu ofizialik, merkatu pribatuak eskaintzen dituenak besterik ez, fidagarriak ez direnak. Epea jarri izana ez da bigarren mailako xehetasuna; izan ere, etxebizitzen salneurriak etengabe gora egiten du kontrolik gabe, eta Nafarroa da, hain zuzen, etxebizitzaren prezioa gehien hazi den Estatuko erkidegoa.

Oso bestelakoa da EAEko egoera, hainbeste herritarren kezka den arazo horri dagokionez. Gasteizko Legebiltzarrak atzera bota zituen herenegun EH Bilduren eta Sumarren mozio bana, lehenbailehen Nafarroan atzo iragarritakoaren bidean aurrera egitea proposatzen zutenak. Mozio horiek baztertuta, EAJk eta PSEk ordezko testu bat onartu zuten, Gobernuari zentzu bereko neurriak hartzeko eskatzen diona, baina inolako eperik jarri gabe. Lakuako Gobernuaren Etxebizitza Behatokiak egin eta abenduan ezagutarazitako azterlan baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 41 udalerri, zeinetan hiru lurraldeetako biztanleriaren %55 bizi den, tentsio handiko eremu izenda daitezke, Estatuko 12/2023 Legeari jarraikiz. EAJ eta PSE ez dira tentsio handiko eremuen izendapenen aurka agertu, edo ez dute halakorik esan; horregatik, ez da ondo ulertzen bi alderdion jarrera, etxebizitza legearen aplikazioa moteldu edo are oztopatzea.

Ez da azalpen handirik behar etxebizitzaren garestitzearen inguruan. Etxebizitzak eta alokairuak gora eta gora ari dira, pentsaezina zen mailaraino, eta ondorioa begien bistakoa da, edozein gaztek, besteak beste, ondo dakienez. Jendeak ahalegin ikaragarria egin behar du etxebizitza bat eskuratzeko, eskubide horretaz jabetzeko. Eta arazo horri aurre egitea lehenesteko moduko kontua da, administrazioek lehenesteko modukoa izan beharko luke, eskubide hori bermatuz. Badaude horretarako legezko tresnak, hala nola alokairuei muga jarri eta «putre funtsek» higiezinak bereganatzea eragoztea.