Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Oroitzapenetatik tiraka

Uztailaren 17a (1997). Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finala jokatzear. Anaia eta biok aitona-amonen etxean geunden. Zinemazalea izateaz gain, aitona futbolzalea zen oso, eta irrikaz zegoen final hori ikusteko. Partida hasteko hamar minuturen faltan esaldi batek hankaz gora jarri zuen etxeko lasaitasuna: «Aitona! “Marrazoa” filma ikusi nahi dugu!», oihukatu nuen, ehunka aldiz ikusia genuen VHS zahar hura eskuartean nuen bitartean. «Ez, lau urtean behin jokatzen da finala eta ikusi egin nahi dut».

Segidan guk amonari «Amona! Filma ikusi nahi dugu!». Hamar minutu geroago, eszena honakoa: anaia eta biok patxada ederrean “Marrazoa” filma ikusten eta aitona gizajoa, iletik tiraka, egongelako izkinan zegoen eserlekuan. Partida izorratu genion, baina gustura ikusi zuen enegarren aldiz filma gurekin batera.

Pasarte horretatik tiraka, hainbat lotura emozional egin ditut eta ohartu naiz egun sentitzen dudan zinemazaletasuna aitonari zor diodala. Haien etxe parean bideokluba zegoen, eta urte batzuk geroago oroitu naiz egun niretzat hain garrantzitsuak diren “E.T,” “The Goonies” edo “Indiana Jones” lau horma horietatik atera zirela.

Astero joaten nintzen aitonarekin apalategi horiek arakatzera. Orain urte asko utzi gintuen aitonak, baina iristen zaizkidan oroitzapen gehienak elkarrekin ikusten genituen pelikulekin lotzen ditut.