28 SET. 2024 A-15 eta AP-8 errepideetan bide mozketak izango dira hurrengo egunotan, obra ugari direla eta Biriatuko ordainlekua. (Javi COLMENERO | EUROPA PRESS) GARA DONOSTIA A-15 eta AP-8 errepideetan bide mozketak eta oztopoak pilatuko dira ondorengo egunetan, zenbait lan tarteko direla. Asteburu honetan A-15a erabat itxiko dute, Oindolar eta Gorosmendi tuneletan egingo diren lanak prestatzeko. Azpirotz eta Berastegiko errepideak gomendatzen dituzte alternatiba gisa, Etzegarateko mendatearekin batera. Horrez gainera, gogoratu beharra dago N-121-A errepidean Belateko tunelak itxita daudela obrengatik. ITZIARKO TUNELA Astelehen eta astearte gauean, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, AP-8ko Itziarko tunelaren zoruaren tarteko geruza berrituko da, Bilborako noranzkoan. Hori dela eta, tunela itxita egongo da bi gau horietan 23.00etatik 5.00etara, Gipuzkoako Aldundiak aditzera eman duenez. Alternatiba gisa, Bilborako norabidean autoek Itziarren irten beharko dute, eta N-634 errepidetik jarraitu Elgoibarko lotuneraino. Behobirako noranzkoan enborrean prestatutako pasabidetik desbideratuko da. OIARTZUN ETA BIRIATU Astelehen gauean ere AP-8ko zenbait puntutan zoruaren konponketak egingo dituzte. Horregatik, Oiartzungo 11. irteerako adarra, Bilborako noranzkoan, itxita egongo da 21.30etik 4.00etara, eta erabiltzaileek Irungo irteera edo GI-20 errepideko Beraungoa erabili beharko dute. Itxieren eraginpean egongo dira, halaber, A-15 errepidetik AP-8rako sarrera adarra, Behobirako noranzkoan, eta AP-8tik A-15 errepiderako irteera-adarra, Donostiarako noranzkoan, biak Astigarragan. Kasu horretan, bi adarrak zerbitzutik kanpo egongo dira 21.30etik 5.00etara, eta trafikoa Astigarragako biribilgunetik bideratuko dute. Azkenik, astelehenean hasiko dira A-63 autobideko Biriatuko ordainlekuaren zorua berritzen. Ondorioz, 20.00etatik 5.00etara itxita egongo da, eta erabiltzaileak Behobitik desbideratuko dituzte.