28 SET. 2024 Ametsak betetzeko bidean geratzen denaz, «The Last Showgirl» filmean Pamela Anderson aktorea eta Gia Coppola zuzendaria, photocallean. (Jon URBE | FOKU) Iraitz MATEO DONOSTIA Sail Ofizialeko lehiaketa ixteko, atzo arratsaldean aurkeztu zuen Gia Coppola zuzendariak "The Last Showgirl" filma. «Jostailu apurtuak» ekarri ditu pantailara. 30 urte dantzari gisa lanean egon ondoren, ikuskizuna amaitzear dela eta, lanik gabe geratuko da protagonista, «jada ez baita orduko neska gazte eta liraina». Pamela Andersonek gorpuzten du Shelly protagonista, eta interes handia sortu du aktorea berriz ere zineman ikusteak. Dantzaria izateko bere ametsa jarraitu izateagatik, alabarekin harremana galdu zuen, eta hori izango da filmaren bigarren gatazka nagusia, nola berreskuratu harremana, nola uztartu amatasuna eta emakume artista izateko bidea. Las Vegasen grabatu zuten, zuzendariak oso argi baitzuen hango eszenografia probestu behar zuela. Metafora bat egin du Andersonek lekuaren eta gaiaren artean, prentsaurrekoan: «Las Vegas egunez makillajerik gabeko emakume bat bezalakoa da, hauskorragoa da». Eta hori erakutsi zuten filmean, egun argia eta makillajerik gabeko azalak. «Emakume sortzailea eta ama izateak eraman zaitzake posizio batera, zeinetan arteak ez dizun bueltatzen zuk sentitzen duzun maitasun hori. Adina edozein dela ere, amesten jarraitzearen aldeko filma da», adierazi zuen zuzendariak; eta kontatu zuen umeen zaintzak gizonengan «beste pisu bat» duela. Andersonek aitortu zuen protagonistarekin bat egin zuela berehala, eta bere «esperientzia propioa» erabili zuela pertsonaia lantzeko. Belaunaldi ezberdinen ikuspegiak ere txertatu dituzte filmean. GORPUTZAK Shelly protagonistari filmean behin baino gehiagotan esaten diote bere fisikoarengatik lan egin izan duela, eta Andersonek kazetariei azaldu zien Hollywooden nola aldatzen ari den gorputzen trataera: «Nire ibilbidearen zati handi bat alderdi fisikoarekin lotuta egon da. Horregatik egin dut esperimentu bat: geruza horiek denak kendu ditut. Hemen axola duena ez da zer egin duen jendeak nirekin, baizik eta nik zer egin dudan. Eta nik bizitzan aurrera jarraitzeko pozez inguratzea erabaki dut. Lehen glamourra modu batean ulertzen nuen, eta orain beste batean». JANTZIAKFilma ikustean, itxuraz, dantza koreografiak izan daitezke konplikatuenak. Baina zuzendariak eta aktoreak aitortu dute ezetz, jantziak izan direla zailena. Izan ere, erabili dituzten arropek pisu handia dute, eta gainera, egun museo batean daudenez, kontu handiz lan egin behar izan zuten.