GARA Euskal Herriko egunkaria

Fusilamenduekin suntsitu nahi zuten proiektuaren indarra aldarrikatu dute

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrenean, Sortuk hamarnaka mobilizazio egin zituen atzo arratsaldean, eta horietan nabarmendu zuen bi euskal militanteen heriotzarekin frankismoak suntsitu nahi izan zuen proiektua indar betez dagoela mende erdi geroago. Goizean ekitaldiak egin zituzten Zarauzko hilerrian eta Nuarben.

Hamarnaka herritan ekitaldiak antolatu zituen Sortuk. Argazkian, Iruñekoa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ia mende erdi bete da frankismoaren indar armatuek JonParedes Manot, ‘‘Txiki’’, eta Anjel Otaegi fusilatu zituztela, FRAP taldeko beste hiru kiderekin -Xoxe Humberto Baena, Jose Luis Sanchez-Bravo, Ramon Garcia Sanz- gertatu bezala. Ordutik, urtero legez, ezker abertzaleak bi euskal militanteak gogora ekarri eta omendu zituen atzo. «Egun seinalatua da irailaren 27a ezker abertzalearentzat», nabarmendu zuen Sortuk.

Alderdi abertzaleak deituta, 50 mobilizazio baino gehiago izan ziren arratsalde partean Euskal Herriko beste horrenbeste herritan. Ehunka lagunek parte hartu zuten horietan guztietan, eta, diktadura faxistaren hondarrean jazotako pasarte krudel horren urteurrena oroitzeaz gain, «frankismoak galbidera eraman nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino indartsuago» dagoela aldarrikatu zuten.

Indar horren erakusle, urte politiko honetako erronka nagusiak aipatu zituzten: preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko lanean segitzea; joera erreakzionarioei aurre egitea, herri erronkei erantzun positiboak emanez; eta aldaketaren aldeko haizea hauspotzen segitzea. Hori guztia, hain zuzen, bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri askerako bidean sakontzeko, «nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzatik balioen eraldaketa bultzatuz, eta ezker independentismoa indartuz».

Aurten, “Irrintzi bat dabil” leloaren bueltan landu ditu Sortuk irailaren 27ko ekimenak, Telesforo Monzonek idatzitako “Batasuna” kantuaz eta Taxio Ardanaz artistaren kartelaz. Lelo horrexekin egingo du nazio ekitaldia, bihar, Azpeitiko Soreasu antzokian, 12.30ean.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena betetzeko urtebeteren faltan antolatu duten ekitaldi hau jendetsua izatea espero da.

NUARBEN ETA ZARAUTZEN, GOIZEAN

«Borroka, ukabil itxiak bezainbeste, badira esku irekiak ere: eskuzabaltasunarenak, apaltasunarenak, lanarenak, babesarenak...», adierazi zuen Sortuk. Arratsaldean hamarnaka mobilizazioetara deitzeaz gainera, ezkerreko indar abertzaleak goizean Zarauzko hilerrian eta Azpeitiko Nuarbe auzoan egindako ekitaldietan ere parte hartu zuen.

Haimar Altunak, gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen Sortuko arduradunak, «gatazka politikoak hor jarraitzen» duela ohartarazi zuen, eta konponbide demokratiko bat erdiesteko, estatu espainiarrak eta frantziarrak «Euskal Herriaren nazio izaera aitortu» behar dutela aipatu zuen, «baita autodeterminazio eskubidea ere». Gaineratu zuen, bizikidetza eraikitzeko, ezinbestekoa dela «egia eta memoria osoa lantzea» eta biktima eta min guztiak aitortzea. «Euskal jendarteak hori behar eta eskatzen du», gogoratu zuen.

Zarautzen izan zen, baita ere, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua. Adierazi zuenez, «Euskal Herria antifaxista da, besteak beste, Txiki eta Otaegiren fusilamendu frankista borroka horren sinboloa delako». Haren aburuz, «Txikik eta Otaegik errepresaliatu, erbesteratu eta zapaldutako milaka euskal herritar sinbolizatzen dituzte, gure herria eta askatasunaren aldeko borroka sinbolizatzen dituzte».

«2024. urtean aztarna frankista guztiak erretiratzea ondo dago, berandu bada ere, baina Francok askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokalari gisa fusilatu zituen azken pertsonen errekonozimendu ofizialak ere etorri behar du. Euskal Herrian dagoeneko badira, baina Espainiako agintariek gauza bera egin behar dute», esan zuen Aizpuruak.

Zirrara bereziko ekitaldia izan zen Zarauzkoa, Jon Paredesen ama, Antonia Manot, uztailean hil baitzen. «Seme bat galdu nuen, baina asko irabazi nituen Euskadin», errepikatzen zuen sarritan Zalamea de la Serenan jaiotako emakumeak. Horietako asko berriro bildu ziren atzo, Txiki eta haren kide Otaegi oroitzeko.