Jon ORMAZABAL
Entrevista
IMANOL ANSA
Oriamendiko erremontista

«Bada joera bat, garai bateko pilotariak gehiago famatzekoa»

Kirol kolpe handi batekin hasi zuen gorriz jokatutako lehen Buruz Buruko txapelketa -Urrizak 30-9 irabazi zion-. Baina, iazko sentsazio onak oraindik berreskuratu ez dituen arren, urnietarra finalera heldu da berriz. Txapela errepikatzeko irrikaz ageri da, nahiz eta Urnietako festak ezingo dituen nahi bezala gozatu. Elkarrizketak osorik NAIZen irakurgai.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Txapelketa ez da erraza izan, baina finalean zara berriz.

Gogorra izan da, ze bidean pilotakada batzuk eraman ditut, emaitza kaskar samar bat ere bai. Momentu bereziki txarra izan zen Juanenaren aurka 17-12 galtzen joan nintzenean. Aurretik minus bat eginda nengoen eta momentu kritiko xamarra pasatu nuen, baina buelta eman genion.

Gorriz jokatzearen presiorik nabaritu duzu, edo beste zerbait izan da?

Egia esan, ez dut presio hori nabaritu. Hasieratik esan nuen ni ez nintzela ezer defendatzen ari, iazkoa joanda zegoela eta aurten txapelketa berria zela, denentzat berdina. Alde horretatik presiorik ez dut sumatu. Baina bai esaten dizudala, lehen partida horretan Urrizak halako pasada emanda, eta geroztik hiru pilotakada hartu nituela -eta batek lesio pixka bat eragin zidan-, azkenerako horrek ere joko mailari eragin zion.

Horiek denak pasatu eta finalera heltzea ere bada zerbait.

Bai, dudarik gabe. Igual jokoz horren ondo ez zaudenean eta hala ere helburu nagusia betetzen duzunean, horrek ere konfiantza ematen du, dudarik gabe. Gero, txapelketa honetan nahiz emaitzak txarrak izan eta nire jokorik onena ez atera, konfiantzari eutsi izanak asko esan nahi du niretzat, pixkanaka heltzen ari naizela. Lehenagotik jokatu izanaren esperientziak lasaitasun bat ematen dizu. Eta konfiantzarekin heldu naiz.

Helburu nagusia aipatu duzu. Finalera heltzea zen?

Bueno, nik Buruz Burukoan beti bi helburu jartzen ditut. Lehenengoa beti izaten da laugarren postu hori ekiditea, ze, azken finean, hurrengo urtean ligaxkan egongo zarela esan nahi du eta ikaragarri balio du. Kasu honetan, Urrizaren aurka galdu nuen lehen partida hori kanporaketan izan bazen, kanpoan egongo nintzen. Eta hortik aurrera, behin finalerdietan sartuz gero, finala izaten da helburua. Aurten biak beteta, berriro finalean egon nahi nuen. Eta oso gustura nago.

Final berezia, gainera.

Esan dut buruz buruko guztiak direla final bereziak, urte batzuetan osagai batzuk egoten dira eta bestetan besteak. Aurten gehien motibatzen nauena da, azken bi urteetan Endikak bere mailarik onena eman ez duen arren, aurten errekuperatu egin duela punta-puntako maila hori. Ikusten dugu, gainera, ze motibatuta dagoen. Eta, niretzat, hain fuerte dagoen pilotari bati txapela irabazteak pisua hartuko luke. Ikaragarri motibatzen nau.

Aurtengoa aspaldiko txapelketarik orekatuena izan da?

Nik esango nuke, Urrizaren aginte absolutu hori amaitu zenetik, duela hiru urte edo, txapela irabazteko aukera beste pilotarioi zabaldu zitzaigula. Eta azken hiruretan ez da egon dominatzaile garbi bat. Ikusten zen edonork edonori irabazteko aukera zegoela, eta aurtengoa ere halaxe izan da.

Endikak aipatu zidan defentsan garai batekoak baino hobeak zaretela oraingoak.

Ba nik gustura esango dut ikusten dudala joera bat, publikoan bereziki, garai bateko pilotariak gehiago famatzekoa, eta ez nago ados. Oso zalea naiz erremontearen historia jarraitzekoa, eta nirekin batera Juanenea ere bai, eta ikusi izan ditugu garai bateko partidak eta nik, inondik inora, ez dut gutxiesten haiek jokatzen zutena, baina iruditzen zait gaur egun maila gutxiago dagoela esateko joera hori dagoela. Eta ez nago ados.

Azkenean, aldatu ere egin da jokamoldea. Duela gutxi Patxi Zeberiorekin bazkaltzen aritu nintzen eta berak azalduta ondo ulertu nuen: pilotek orain altura gehiago hartzen dute eta orain bote lasterrak eta zailagoak dira, defentsako meritua igo zaigu, zailtasuna handiagoa da.

Aparte, uste dut gehiago landu dugula aurrelariek errebotea eta sakea, eta atzelariek aurreko jokoa. Lehenago aurrelaria zena oso aurrelaria zen, eta atzelaria oso atzelaria. Eta esandako aldaketa horrekin esango nuke maila jaitsi behintzat ez dela egin eta hor bagaudela bost pilotari punta-puntako erremontea eskaintzen dugunak. Horri bere balioa eman nahi nioke nik.

Urrizaren aurkako finalerdian sakean zerbait aldatu izana aipatu zenuen. Sekreturen bat baduzu.

Sekretua baino gehiago, izan zen Julen botileroa konturatu zela zerbait desberdina egiten ari nintzela. Ez dugu erremontean ezer berririk asmatu, baina bai lehen ondo egiten nituen gauzak ez nintzela behar bezala egiten ari. Horrekin ez dut esan nahi finalean ikaragarri sakatuko dudanik.