J.O.
Entrevista
ENDIKA BARRENETXEA
Oriamendiko erremontista

«Lehen aldiz 90 kilotara heldu naiz, eta gaixotasunak ere eskertu duela uste dut»

Lana eta goi mailako kirola uztartzea zaila bada, hernaniarrak hirugarren aldagai bat du ekuazioan, bere bizitza goitik behera baldintzatzen duen Chron gaitza. Hirurak bikain uztartu eta inoizko sasoirik onenean heldu da historia egin dezakeen finalera.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Berriz ere Buruz Buruko final bat jokatuko duzu. Zer suposatzen du honek zuretzat?

Iaz ezin izan nuen txapelketa ondo prestatu, ez nintzen ondo heldu. Azkenean, guk beste lan batzuk ditugu eta zaila dena bateratzea. Aurten saiakera berezi bat egin dut, zaila izan arren. Ordu asko eskaini behar izan dizkiot. Bere lehen fruitua izan da eta, egia esan, oso gratifikantea izan da. Orain arte egindako lan guztiak, finalean egote hutsak niretzat merezi izan du.

Zuk gainera osasun arazoak ere izan dituzu. Ondo zaudela ere esan nahi du.

Bai, egia da gorabehera handiak jasan ditudala azkeneko urtean. Chronen gaixotasuna detektatu zidaten lehen aldia, lehen finalera heldu nintzenean aktibatu zen, 26 urterekin. Finaleko estres horrek aktibatu zuen gaixotasun hau, ordutik inoiz itzali ez dena. Harekin bizitzen ikasten joan naiz, sendagai biologiko bat hartzen egon naiz azken zazpi urteetan eta nire gorputzak ikasi du sendagai hori eliminatzen. Botika guztiekin gertatzen den bezala, efektua egiteari uzten diote denboraren poderioz, eta nik hori bizi izan dut azken urtean. Urtarriletik aurrera aldatu ditugu gauzak ospitalean eta, berriz ere balore onetara heldu naizenean, horrek entrenatzeko grina ere areagotu dit; nolabait bat kentzen duzu burutik.

Elikadura beti zaindu izan behar duzu, baina aldaketaren bat ere izan duzu, ala?

Bai, Aitor Ugalde nutrizionista andoaindarrarekin hasi nintzen. Pisuz beti oso justu ibili naiz, beti erraztasuna izan dut argaltzeko eta pisurik ez hartzeko. Askorekin ibili naiz, baina Aitorrek lehen egunetik asmatu zuen. Beti ibiltzen nintzen 82 kilotan, pisua hartu ezinik, 84ra heltzen saiatzen. Eta lehen aldiz 90 kilotara heltzea lortu dut, 90 kilo onak, entrenamenduekin eta muskulatura landuta. Horrek ere eman dit, berriz ere gaixotuz gero, marjina gehiago izatea. 82 kilorekin lau galtzen nituenean, 1,90 neurtuta, 78 kilorekin ezerezean geratzen nintzen. Orain marjina bat badugu, eta uste dut gaixotasunak ere eskertu duela.

Final berezia gainera, derbia.
Bai, zuekin hitz eginez datu berriak ateratzen dizkidazue. Hasiera batean bai zen berezia Imanol Ansa nire ikaslea izan zelako, pilota eskolan irakasle nintzenean. Gero esan didate nola zortzi jokatu ditugun elkarren aurka, nik bost irabazi eta berak hiru... Geroago konturatu nintzen, berriz ere txapela ateratzen badut, ni izango naizela atzelari bakarra erremontearen historian buruz buru hiru txapel dituena. Eta horrek ere ilusio gehiago sortzen dit. Gaur beste batek esan dit, bosgarren finala jokatzen badut, atzelari bakarra izango naizela hori egiten. Gauzak gehitzen ari zaizkit, eta datu horiekin guztiekin gero eta bereziagoa egiten ari da.
Ez dakit hori onerako edo txarrerako den presio aldetik.

Ba ez dakit esaten oraindik. Agian astelehenean, deitzen badidazu, esango dizut. Presio puntu bat dela, dudarik ez, baina ni beti oso pertsona urduria izan naiz. Gaixotasuna psikosomatikoa da, estresa eta nerbioekin guztiz lotuta dagoena. Gogoratzen nola bizi izan ditudan aurreko finalak, hau izan da, esan dezagun, finalik lasaiena. Urteen poderioz metodologia bat ikasten duzu, ikusten duzu zein den dinamika, gauzak ez zaizkizu arrotzak eta horrek lasaitasun puntu bat ematen dizu.

Txapelketa orain arteko gogorrena izan al da?

Nik baietz esango nuke, eta denek aipatu genuen hasieran. Aurten ikusten genuen Ansak Juaneneari, Urrizari eta Barrenetxeari irabaz diezaiekeela, Urrizak ere, denoi askotan erakutsi digun bezala. Ni ere jokoarekin ikusten nintzen eta hala izan da. Zalantza Juanenea zela esaten genuen, eta denetik ikusi dugu bere aldetik. Finala ere guztiz irekita dago. “Hernaniko Kronika”-ko kazetariak esan dit: «Zortzi aldiz jokatu duzue elkarren aurka, eta galdu duenak gutxienez 24 tanto egin ditu». Horrek esan nahi du gauzak beti estu joan direla, eta nik uste hau ez dela kontrakoa izango.

Fisikoki gogorra izan da. Beroak ere eragin dizue?

Bai, abuztuan beroak eragin handia izan zuen. Baina iruditzen zait denbora asko dela horrenbesteko defentsa dugun lau pilotari ez garela elkartu finalerdietako ligaxka batean. Lehen egon dira pilotariak jokatzen zutenak erasoan oso ondo, eta defentsan sufritzen zutenak. San Miguel, Endika... erasoko jokalariak ziren, eta Javier Urriza beti defentsan. Geroztik etorri garenok ikusi dugu defentsa hori oso beharrezkoa dela buruz buruko partidak jokatzeko. Imanolek, Aritzek eta nik defentsa lan hori horrenbeste landu dugu Urrizaren aurka jokatzeko, orain partidak oso fisikoak irteten baitira.

Taktikoki ere aldatu duzu jokoa, ezker pareta gehiago joz.

Ez dut ezker pareta bilatu bereziki buruz burukoari begira soilik. Azken urteetako emaitzak aztertuta, azken zortzi urteetan edo beti tokatzen zait aurrelaririk justuena txapelketa guztietan, normala den bezala, Urrizari atzelari justuena tokatu izan zaion bezala. Normala da, enpresak partidak orekatu nahi horretan hala tokatzen da. eta azkenean nik tantoa dominatu, aurrelariari bukatzeko esan, erraza balitz bezala, eta azkenean aurrelariak presiopean eta egin behar horretan akatsak egiten. Azkenean erabaki nuen, atzetik izanda ere, ikasi behar nuela amaiera hori ematen. Ezin dut nire jokoa sakean eta pilotakada fuerteetan oinarritu. Hori irteten ez denean, zer egingo duzu? Hor hasi nintzen lantzen, eta espektro bat ireki zitzaidan.