GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Hau da futbola, aita

Babazorroek falta ugari egin eta Getaferen jokoa geldiarazi zuten une oro, baina hain zuzen ere bi faltetan, bat lehenengo zatian areaz kanpotik eta bestea bigarrenean esku batengatik penaltiz, porrota jaso zuten gasteiztarrek. Sivera ikusgarri aritu zen.

Partida ona egin zuen Getafeko Uche, baloia lapurtu nahian. (Jorge ROPERO | AGENCIA LOF)

Bi irteera jarraian Madrilera, eta bi porrot. Hori izan da Alavesen balantzea azken bi Liga jardunaldietan. Egia da aurreko partidan Santiago Bernabeun berdinketa lortzeko gertu ibili zela talde gasteiztarra, baina atzo, Getafen, bere Ligako aurkari baten kontra, ezin izan zuen ezer positiborik lortu. Garcia Plaza entrenatzailearen taldeak lan zikina egitearen zama hartu zuen atzo, hain zuzen ere Getafek ohikoa duena. Baina arabarrei ez zitzaien batere ondo atera.

Esto es fútbol, papá” aski ezaguna egin den esaldiaren sortzaile Jose Bordalasek oso ondo landuta duen Getafe talde gogorra zuten aurkari babazorroek. Alaveseko entrenatzaile ohia aulkian eseri ahal izan zuen atzo, bi partida zigortuta egon ondoren.

Etxera itzultzen zen Luis Garcia Plaza prestatzaileak, aldiz, aldaketa ugari egin zituen hamaikakoan. Real Madrilen aurka aritu ziren lau jokalari bakarrik mantendu zituen hasieratik entrenatzaile madrildarrak: Antonio Sivera atezaina, Abdel Abqar eta Moussa Diarra atzelariak, eta Carlos Protesoni (lehen Benavidez bezala ezagutua) zelai erdian.

Etxeko taldean, Alex Solak bere taldekide ohien aurkako hamaikakoan atera zen. Iaz Alavesen jokatu zuen erasoan ondo aritzen den jokalariak, baina aurten Getafen amaitu du, Realak salduta. Txuri-urdinen beste jokalari ohia den Diego Ricoren aurretik aritu zen ezker hegalean.

ALAVES, GETAFEREN LANA EGITEN

Kontuak honela, bi taldeetan lagun zaharrak zeuden. Baina epaileak neurketari hasiera eman zionean, laguntasun guztiak alde batera geratu ziren, espero zen partida orekatua eta gogorrari bide emateko. Bordalasen talde guztiak oso defentsiboak direla aipatu izan dute aurkari guztiek. Agian defentsiboa baino gehiago, jokoa asko gelditzen duen talde horietakoa dela, alegia.

Hala ere, atzo Alavesek Getaferen lan zikin hori bere gain hartu zuen, lehenengo zatian behintzat. Datu adierazgarria: aurreneko 50 minutuak -bost minutu luzapenarekin- 8-14ko falta estatistikarekin amaitu ziren. Arambarri, Toni Martinez, Uche edo Alex Sola bezalako jokalariek mina hartuta geratu behar izan zuten zelaian, falta ezberdinengatik.

Babazorroek ondo ikasita zuten aurkariak geratzeko modua. Baina gutxi egin ahal izan zuten 22. minutuan, Uche Siveraren aurrean geratu zenean. Aurrelariak baloi bikaina jaso zuen Carles Perezen pase batekin, eta eskerrak Alaveseko atezainak bikain atera zuen baloia oinaz, bestela lehen gola izango zatekeen.

Edonola ere, Alaves bere armiarma sarean harrapatuta geratu zen. Area kanpoan Ucheri egindako falta batean Getaferen gola iritsi zen 42. minutuan. Siverak ez zuen zorterik izan, Aramberriren jaurtiketa Alaveseko Protesonik urrundu baitzuen buruarekin, eta sareetan amaitu zuen.

Babazorroak ez dira erraz amore ematen duten horietakoak eta, lehen zati osoan aukera gutxi izan bazituzten ere, azken minutuetan berdinketa sartzetik hurbil egon ziren. Jordanen jaurtiketa baten alderatzea Stoichkovek hartu eta bere jaurtiketa Ucheren eskuetan eman zuen. Epaileak ez zuen dudarik izan eta penaltia adierazi zuen. VAR-a ikuskatu ostean, ordea, baliogabetu eta 1-0ekoarekin joan ziren aldageletara.

BESTE AREAN BAI, PENALTIA

Ez zuen gauza bera egin bigarren zatiaren hasieran. Izan ere, hemen ere VAR-ari begiratu ostean, epaileak penaltia adierazi zuen Getaferen alde, Toni Martinezen esku batengatik. Jokaldia ez zen lehen zatiko berbera izan, baina jokalariaren keinua besoa kendu nahian, bai. Kasu honetan penaltia adierazi eta Luis Millak ez zuen hutsik egin.

Luis Garcia Plaza urduritzen hasi zen eta, gainera, Siverak, jasotako falta batean, txartel horia ikusi zuen protesta egiteagatik. Alavesi asko kostatu zitzaion jokaldi on bat egitea, eta, lortu zuen batean, Stoichkovek eskuinez egindako jaurtiketa gora joan zen.

Garcia Plazak aldaketa guztiak egin zituen. Dena den, Getafe hobeto aritu zen hurrengo minutuetan. Siverak bi geldiketa ikusgarri egin behar izan zizkien Ricori eta Carles Perezi, 3-0ekoa saihesteko.

Alavesek aurrera egiteko adorea izan arren, ez zuen asmatu. Kontrako atean, Siverak berriz hirugarrena saihestu zion, kasu honetan, Alvaro Rodriguezi. Azken minutuak pixka bat nahasi zituzten bi taldeek, eta ez zen aukerarik egon ezer gehiagorako.