29 SET. 2024 Presoen auzia «behin betiko» konpontzeko aldarria kaleetan Bi mila lagunetik gora bildu ziren, hilabeteko azken ostiralean, euskal presoen auzia «berehala» eta «behin betiko» konpondu eta haien etxeratzearen alde Sarek eta Etxeratek deitutako mobilizazio ugarietan. Donostian, ostiralean, «Etxera» lelopean egin zen mobilizazioaren irudia. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Hilaren azken ostirala izaki, euskal presoen alde 46 herritan mobilizazioak burutu ziren irailaren 27ko arratsaldean. Sare eta Etxerat antolatzaileek emandako datuen arabera, 2.275 lagunek bat egin zuten presoak etxeratzeko aldarriarekin. «Beste behin argi erakutsi dugu jai giroan zein oporretan etxera aldarria Euskal Herriko hamaika txokotara zabaldu dugula. Herrietako jaietan, hondartzetako mobilizazioan zein hiriburuetako aste nagusietan ugariak izan dira etxera aldarria nabarmendu duten momentuak», adierazi zuten ostiralean egindako irakurketan, azken hilabeteetako deialdi desberdinei errepasoa eginez. Uda eta oporraldiak amaitzearekin batera, urte politiko berria «gogotsu eta indarberrituta» hasteko prest daude Sare eta Etxerat, esan zutenez. Hala, gogoratu zuten aste honetan bertan urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestazio handiaren leloa eta kartela aurkeztu eta, horrekin batera, “Behin betiko” dinamikari hasiera eman ziotela. «Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak ‘Behin betiko’ irekitzeko unea dela eskatzera gatoz. Azken hilabeteetan hasitako bideari jarraitu eta euskal gizartearen ge- hiengoa batzen gaituen giza eskubideak errespetatuz, euskal presoen auziari behin betiko aterabidea eman behar zaiola aldarrikatzera gatoz», esan zuten bi eragileek. Sare eta Etxerateko ordezkariek iragarri zutenez, urtarrilaren 11n «Bilboko kaleak beteko ditugu, urtero egin ohi dugun gisan, euskal gizartearen gehiengoak erakutsi ohi duen moduan euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errekonozimendua berehala eta behin betiko iritsi dadila eskatzeko». «Behin betiko» leloa hiru arlotan zehazten da, asteazkenean azaldu zutenez: presoen auziaren konponbidea, elkarbizitza, eta, hirugarrenik, indarkeria eza baino gehiago den bakea. ALDARRI BAT«Behin betiko» aldarriak hiru arlo ditu, Etxerat eta Sarek asteazkenean azaldu zutenez: presoen auziaren konponbidea, elkarbizitza eta bakea. URTARRILAK 11«Bilboko kaleak beteko ditugu, euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errekonozimendua eskatzeko».