30 SET. 2024 Amets artifizialak Surflari ernegatua Ofizialki ireki da Kelly Slaterren enpresak Abu Dhabin eraiki duen olatu artifizialen igerilekua. Irailaren 17an ireki zituzten ateak eta hiru egunez munduko longboardzale ezagunenak igerilekuan surf egiten ikusi ahal izan ditugu WSLko txapelketan. Surflariak igerileku batean ikustea jada patetikoa bada, longboarzaleak ikusteak ez du izenlagunik. Teorian diziplina horren funtsa estetikoa baita. Natura, gizakia, eta bien arteko harmonia omen dira longboardaren oinarria. Zentzurik gabeko mundu artifizial horretan, ekintza ikusgarri batekin estreinatu nahi izan zuten igerilekua. Goiburua Hau zen: «Egia bihurtutako ametsa». Oinarrizko lehengaiekin negozioa egiten duten multinazionalek beren burua zuritzeko egiten dituzten iragarkietako bat zirudien. Norbait zuhaitz artifizial bat besarkatzen eta mundua salbatzeko esaldi inozo bat errepikatzen bakarrik falta zen iragarkian. Ez zuten halakorik egin, behingoagatik mezu sakon baten aldeko apustua egin zuen irekiera ofizialeko babesle nagusiak, alegia, Red Bullek: «Come on!» Edari energetikoaren marketinak ez du gehiagorako ematen, come on. Goazen! Goazen! Goazen! Eta goazen! Nora? Auskalo, baina goazen, zezen gorriaren energiak eramango gaitu. Arabiar Emirerri Batuetako zeru garbian, 3.652 metrora, kasko urdina, kamiseta zuria, eta galtza motzak dituen morroi batek helikoptero batetik salto egiten du. Azpialdean, surf taula bat dauka, uretako motoen laguntzaz olatu erraldoiak hartzeko erabiltzen diren taulen antzekoa. Oinak taulan lotuta dauzka eta bizkarrean motxila bat du. Zerua ez den beste guztiak Red bull izena du. Une batean paraxuta ireki eta pixkana igerilekura hurbiltzen da Sebastian Alvarez, paraxutista txiletarra. Ez dirudi abiadura handian mugitzen denik, baina distantziek eta erreferentzia ezak eragiten duten efektu optikoa da. Ur hartzen du igerilekuan, paraxutaren hariak askatzen dira, eta Alvarez taularekin lerratzen da, milaka litro urek eta milaka dolarrek altxatutako uhin lerro baten kontra. Lehen bira egin du Slaterren olatuan, jarraian surflari arrunt bat bezala, abiadura motelagoan, beste bira bat egiten du, eta horrela, olatua amaitu arte. Kamerak zain ditu urertzean. Garrasi eginez gerturatzen da: «Come on!». Helikoptero batetik salto egin eta olatu artifizial baten gainean amaitzeko egitasmoaren gibelean bi urteko lana omen dago, hiru diziplina bateratu nahi baitzituzten: Sky surfing, swooping eta surfing-a. Tira, bakar batean ere labur zitekeen: «Absurding». Irudimena borborka duenez, halako pailazokeria bati itxura serioa emateko ideia non eta nola sortu zitzaion azaldu zuen Alvarezek: «Haurra nintzela, gogoratzen dut pelikanoak olatu gainean hegan egiten ikusten nituela. Itsasora zein eztiki hurbildu eta hegan egiten duten begiztatzen nuen, abiadura mantentzeko aire dinamikoaz nola baliatzen diren eta, azkenik, olatuarekin nola batzen diren, hegalekin ia ura ukituz. Hor egin zuen klik nire buruak». Pelikanoek eta helikopteroek antza ote dute Txilen? Norbait zuhaitz artifizial bat besarkatzen eta mundua salbatzeko esaldi inozo bat errepikatzen bakarrik falta zen iragarkian