30 SET. 2024 SURFA Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra Europako Junior txapeldun bigarrenez Irailaren 28an Galiziako Razo hondartzan amaitu zen lehiaketa irabazi zuen Annette Gonzalez Etxabarrik. Aurtengo Junior itzulia osatzen zuten bi probak irabazita Europako txapelduna da 17 urteko zumaiarra. Iaz ere Europako Junior txapela irabazi zuen. Dylan Donegan, lanean. (WORLDSURFLEAGUE.COM) Haritz LARRAÑAGA Annette Gonzalez Etxabarrik Europako Junior txapela eskuratu du, irailaren 28an Galiziako Razo hondartzan amaitu zen txapelketa irabazi ostean. Maiatzean Marokon egin zen 20 urtetik beherakoen Europako itzuliko lehen txapelketa ere zumaiarrak irabazi zuen; beraz, aurtengo itzuliko bi txapelketak irabazita, bigarren aldiz Europako Junior txapeldun izendatu dute Gonzalez Etxabarri, iazko itzulia ere berak irabazi baitzuen. Mutilen kategorian, Dylan Donegan Dos Santos kanariarra nagusitu da, baina 2024ko Europako mutilen Junior txapela Francisco Ordonhas portugaldarrak irabazi du, berak eskuratu baitzuen rankingeko lehen postua. Mutilen kategorian aipagarria izan zen Xan Atchoarena sopelarrak lortu zuen emaitza. Orain artean ezezaguna izan arren, finalerdietara iritsi zen 16 urteko bizkaitarra, eta txapelketa guztian zehar erakutsitako mailarekin aurrerantzean kontuan hartzeko lehiakidea izango dela erakutsi zuen. GONZALEZ ETXABARRI Guztira 40 neska lehiatu ziren Razoko hondartzan egin zen 20 urtetik beherakoen Europako Junior txapelketan. Olatu nahasiak baina indartsuak izan ziren txapelketak iraun zuen artean. Finalera iristeko sasoi onean egon beharra zegoen, aurrez bost erronda pasa behar baitziren azken txanda erabakigarrian lehiatzeko. Europako Junior itzuliko lehen txapelketa maiatzean egin zen Marokon eta Annette Gonzalez Etxabarrik irabazi zuen; beraz, horrek lasaitasun apur bat ematen zion rankingean buru zen zumaiarrari. Hala ere, gupidarik gabe aritu zen Gonzalez Etxabarri, eta aurkariak birrindu zituen. Bigarren postua 16 urteko Sol Borelli espainiarrarentzat izan zen. Hirugarren postuan Hina Maria Conradi geratu zen, 20 urteko biarriztarra. Eta laugarren postua 19 urteko Aetan Vaast tahitiarrarentzat izan zen. Baldintza gogorretan lehiatu ostean nekatua zela aitortu zuen zumaiarrak, baina pozarren agertu zen kazetarien aurrean: «Besteen atzetik nindoan, baina azkenean lortu ditut behar nituen bi olatuak. Horrelako baldintzekin hiru txanda egin ostean oso nekatuta nago, baina oso pozik; ohore bat izan da hemen lehiatzea. Uste dut berriz elkar ikusiko dugula». Aurtengo itzulia amaituta horrela geratu da Europako Junior rankinga: Lehen postuan, alde handiz, Annette Gonzalez Etxabarri. Bigarren postuan, Hina Conradi biarriztarra eta hirugarrenean, Sara Leiceaga urruñarra. Hortaz, Euskal Herrian bizi diren hiru surflari nagusitu dira nesken rankingean. Ondorioz, nesken kategorian bi euskal herritar izango dira munduko Junior txapelketan, rankingeko lehen bi lehiakideak sailkatzen baitira munduko txapelketarako. DYLAN DONEGAN Mutilen kategorian 96 lehiakide izan ziren Razon; beraz, finalera iristeko bost erronda gainditu behar ziren. Lehia oso gogorra izan zen eta bidean surflari oso onak geratu ziren, baina Xan Atchoarena Masterson sopelarrak finalerdietara iristea lortu zuen. Emaitza bikaina, Europako txapelketetan dagoen maila kontuan hartuta. Gainera, 16 urteko bizkaitarra finalera iristeko zorian egon zen, baina azkenean, puntu gutxigatik bosgarren postuan amaitu zuen. Esan bezala, Dylan Donegan nagusitu zen Razon. Olinpiar Jokoetan Alemania ordezkatu zuen Kanarietan hazi eta bizi den 16 urteko surflari gazteak. Finalean izan ziren gainerako lehiakide guztiak portugaldarrak ziren. Bigarren postuan Matias Canhoto geratu zen, 17 urtekoa. Hirugarren postuan, Joao Mendoça, 19 urtekoa. Eta laugarren postuan, Francisco Ordonhas, hau ere 19 urtekoa. Rankingean, ordea, Francisco Ordonhas nagusitu zen, itzuliko bi txapelketetan finalera iritsi baitzen. Marokon hirugarren postua eskuratu zuen eta Galizian laugarrena. Donegan, ostera, rankingean bigarren geratu zen. Ondorioz, bi lehiakide hauek ordezkatuko dute Europa munduko Junior txapelketan. CS PORTUGALEN Irailaren 29an hasi zen Portugalen Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketa, Riveira d’Ilhas hondartzako eskuin olatu famatuan. Lehiakideen artean dira Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra. Txapelketa garrantzitsua da; izan ere, CS itzulia sei txapelketak osatzen dute eta lau emaitza hoberenak hartzen dira kontuan. Nadia Erostarbe nesken CS rankingeko bosgarren postuan da gaur egun; beraz, CS itzulia orain amaituko balitz, lehen mailara igoko litzateke zarauztarra, rankingeko lehen bost neskak eta lehen hamar mutilak igotzen baitira Champioship Tourrera; alegia, lehen mailara. Alabaina, oraindik bi txapelketa falta dira; bata, Portugalen egunotan egiten ari direna, eta bestea, urrian Brasilen egingo dena. Erostarbe bi bider iritsi da finalerdietara eta beste bi bider final-laurdenetara; ondorioz, emaitza horiek hobetzeko gutxienez beste behin iritsi beharko du finalerdietara edo finalera, eta, hala ere, ez da ziurra izango lehen mailara igoko dena, baina gutxienez aukera hor dago. Gonzalez Etxabarri eta Erostarbe, ezker surflariak, beraz, bizkarka ariko dira Riveira d’Ilhasen, baina hori ez da arazo izango, bi gipuzkoarrak bikain aritzen baitira bizkarka, horrela ariketa indartsuak egiten dituzte, eta agian lagungarri ere izan daiteke. Ikusmin handia dago euskal surflarien komunitatean. Txapelketa WSL erakundearen webgunean ikus daiteke. ANNETTEAnnette Gonzalez Etxabarrik, 17 urterekin, jada bi bider irabazi du Europako Junior txapela. Bere ahizpa Janirek, berriz, hiru bider irabazi zuen titulu berbera eta oraindik 19 urte ditu. CS TXAPELKETAJanire Gonzalez Etxabarri eta Nadia Erostarbe gipuzkoarrak Portugalen dira CS mailako txapelketan lehiatzen. Helburua, hurrengo urtean lehen mailan egotea da.