30 SET. 2024 Hamar urte arte eszenikoak Gasteizen zabaltzen 2014an sortu zen Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategia (LINCE) Gasteizko Baratza aretoan, Parasite Kolektiboa antzerki konpainiaren eskutik. Dakitena irakatsi ez ezik, ikasle baino «parte hartzaile» direnetatik ikasi egiten dute antolatzaileek; hartu-emana da, alegia. «Exijentea» da, baina gogoa izatea da baldintza bakarra. Lerro hauen azpian, Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategian sortutako antzezpena. Hurrengo orrialdean, Marina Suarez. (Marina SUAREZEndika PORTILLO | FOKU) Alaia SIERRA Hamarkada bat igaro da Gasteizko Aldabe plazatxoko Baratza aretoan Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategia (LINCE) sortu zenetik. Parasite kolektiboa osatzen dutenek sortu eta zuzentzen dute proiektua gaur egun, gorputz adierazpenaz dakitena partekatzeko eta jendea horretan jardun ahal izateko bidea erraztuz. Aretoa sortu eta hilabete gutxira hasi zen laborategiaren lehenengo edizioa, Marina Suarezek GARAri azaldu dionez. Ikerketa egiten da, antolatzaileak ez direlako, kasu honetan, irakasleak; «ez dugu pedagogia oso finko bat ematen». «Gu ere ikerketan gaude, bai konpainia bezala, baita artista bakoitza bere ibilbidearekin ere», gaineratu du Suarezek. Marina Suarez hasieratik izan da proiektu honen martxaren lekuko. Sortu zenean parte-hartzaile izan zen, «buru-belarri» sartu zen laborategian eta gaur egun ezagutza parte-hartzaileekin partekatzen duenetako bat da. Berarekin, Garazi eta Unai Lopez de Armentia eta Hannah Whelan daude. Azken urteotan, gainera, Idoia Zabaleta eta Ricardo del Conde artista gonbidatuak batu zaizkie. Beti elkarrekin eta taldean lan egiten badute ere, lau «irakasleek» beraien berezitasunak dituzte. Suarezek azaldu duenez, berak objektuekin eta espazioekin lan egiten du eta, Arte Ederrak ikasi zuenez, hori islatzen dela uste du eta irudiekin ere jolas egiten du. Unai Lopez de Armentia, aldiz, antzerki fisikoan egin du bere ibilbidea, eta «ensemble» delakoa egitea du gustuko; taldeko lanak eta taldean lan egitea, alegia. Horrela, presentzia landu eta taldea sendotzen du, espazioarekiko harremanarekin, erritmoarekin eta umorearekin lan eginez. Hannah Whelanek dramaturgia lantzen du eta, horrekin, hitza, ahotsa eta piezen idazketa. Dantza arloa Garazi Lopez de Armentiari dagokio, dantza garaikidearen testuingurutik baitator. Koreografiez gain, entrenamendua eta yoga ere egiten ditu. Hala ere, hainbeste urteren ondoren, «asko egin dugu lan elkarrekin eta denok denetarik egiten dugu». ALDAKORRA ETA SARBIDEA Gehienetan taldeko pieza bat prestatzen dute ekainerako, ikasturte amaierarako, baina azken bi urteotan parte-hartzaile bakoitzak bere pieza propioa sortu du, lan indibiduala ere sustatzen dutelako. Baldintza bakarra obrek elementu komuna izatea da. Aurten “Joana Arc-ekoa” izan daiteke, baina oraindik ez dago argi. Aldakortasun eta irekitasun hori da LINCEren ezaugarrietako bat, hain zuzen. Irekia denez, ikasturtean zehar egiteko modua aldatzen da, baina beti berdin mantentzen diren gauzak badaude. Pandemia urteetan, esaterako, banakako lanaren aldekoagoak ziren parte-hartzaileak, baina hori ere aldatu dela dio Suarezek. Bere iritziz, «errazagoa da ikasturteak eta denborak nora eramango gaituen ez jakitea, bestela aspertu egiten zara beti berdina egiteaz». Arte eszenikoen eta orokorrean gorputzarekin adierazteko diziplinen inguruan irakasteaz gain, antzerkigintzara edo dantzara dedikatzeko sarbidea eskaintzen du hamarkada bete berri duen laborategiak. Jendea ezagutu eta esperientziarik gabe ere lan bat prestatzeko aukera ematen du Ikerketa eta Sorkuntza Eszenikorako Laborategiak. Horrekin lotuta dago Buro delakoa. Elkarteak eta konpainiak sortu, autonomo egin, deialdiak edo diru-laguntzen eskaerak bete eta beren lana saltzen eta banatzen ikasteko orduan aholkularitza zerbitzu bat da eskaintzen dena, bai alde tekniko zein praktikoetan laguntza emateko. ESPERIENTZIA BAINO, GOGOA Parte hartzeko ez da beharrezkoa arte eszenikoen munduan esperientzia handiegirik izatea. «Lan egiteko nahikoa da gogoa izatea», aldarrikatzen dute. Marina Suarezek hausnartu duenez, «baliteke norbaitek esperientzia itzela izatea eta lan honetan sartzea eta ez gustatzea». Izan ere, lantzen dena «irekia baina espezifikoa» dela ohartarazi du artistak. Beti ikasteko aukera dagoela eta mailarik ez dagoela uste du, baina gorputzarekin lan handia egiten da eta «kañeroa» da. Hala ere, «inoiz ez baduzu gorputzarekin ezer egin, kostatuko zaizu agian, baina gogoa baldin badaukazu nahikoa da», azpimarratzen du. «Ez dugu diziplina oso itxi bat planteatzen; ariketak egiten ditugu, gorputzarekin zerikusi handia dutenak, baina edozein gorputzek balio du», nabarmendu duenez. «Gorputz guztiak dira desberdinak eta bakoitzak ezagutza bat ekartzen du». Taldeak hamar pertsona ingurukoak izaten dira, baina ikasturtean zehar jende askok utzi egiten du, ordutegia goizez delako, baina hori ez da proiektuarekin jarraitzeko oztopo; «beti sortu dugu talde majo bat». Kontrakoa ere gerta daiteke. Suarez sartu zen urtean «hasieran hiru baino ez ginen eta gero taldea handitu zen». Berak errepikatu egin zuen eta han geratu da, orain «irakasle» gisa, proiektuaren zutabeetako bat bihurtzeraino. Badago zazpi edo zortzi urtez errepikatu duen baten bat ere, beti baitago zer ikasi. «Jendeari gustatzen zaio eta harrapatuta geratzen dira», argudiatu du artistak. Aurten, urtero bezala eta hamargarren urteurrena aprobetxatuz, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte irailaren amaieran, kurtsoan zehar egingo dena erakusteko eta zer nolako taldea sor daitekeen ikusteko lagungarri. Marina Suarezek, urduri, hainbat urtetan errepikatu duten batzuk aurten beste proiektu batzuetan kontzentratuko direla azaldu du eta, beraz, «apuntatu diren asko berriak» direla azaltzen du. Laborategiaren izaera irekiagatik eta inprobisatzeko joera natural horregatik, metodologia berriak sartzeko aukera berri bat baino ez da izango aldaketa hau, bere ustez. Astearte eta ostegunak 10.00etatik 13.00etara libre dituenak badaki zer egin Gasteizen ekainera arte. Taldeko klaseak ordu horretan dira eta asteazken eta ostiralak banakako lanerako bideratzen dira. Ez dago epe itxirik izena emateko; beraz, aitzakiarik ere ez. Laborategia «exijentea» dela ohartarazi du Marina Suarezek, baina gogoa duen edozein pertsona da ongi etorria.