Abiapuntu perfektua, erdipurdiko exekuzioa
Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratu eta Me Too mugimendura egokituriko filma da hau: galdutako plazer baten bila ari den emakume bat du istorioak protagonista.
Jatorrizko filmak zuen begirada heteronormatibo horretatik urruntzea zen helburu nagusia -nahiz eta zuzendariak aitortu duen ez duela film hori ikusi-, baina Audrey Diwanen bertsio berri honek desilusioa eragin dit. Diwanek aukera aparta zuen hain gai konplexuaren muinera iristeko, baina oso azalean geratu da. Istorioan, oro har, sakontasun handia falta da. Azaleko erotismoan oinarritzen da gehiegi, eta horrek pertsonaien garapena eta trama nagusia albo batera uzten ditu.
Sexu-objektu izateari utzi eta izaki desiratzaile bihurtu den emakumearen auziari heltzen dio; historikoki gizarteak eta zinemak ukatu dioten askatasuna eta plazera berreskuratzeko gogoz dagoen pertsonaiaren rola jokatzen du Noemie Merlant-ek. Alde horretatik, txalotu beharreko proposamena da. Abiapuntua perfektua iruditzen zait, baina genero honetako pelikula batek izan beharko lukeen “txinparta” horretatik oso urrun dago; exekuzioa erdipurdikoa da. Esango nuke, Naomi Watts-en eta Merlanten antzezpen lanek salbatzen dutela filma; lan bikaina egin dute biek.
Estetikoki oso ederra da, baina narrazioak ez du inolako erritmo edo tentsio dramatikorik eskaintzen; monotonia eta asperdura kutsua dario.
Gainera, pertsonaia nagusiek ez dute inolako enpatiarik sortzen ikuslearengan; pertsonen harremanak eta sexualitatearen esplorazioa modu guztiz artifizialean aurkezten dira, benetako emozioetatik oso urrun.
Filmak, ikuslearen zentzumenak piztu nahi omen ditu baina, paradoxikoki, hutsune emozional nahiko handia uzten du.