01 OCT. 2024 «Nazioa garela» aldarrikatuko du EH Bilduk azaroaren 23an Bilbon Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU) Ibai AZPARREN IRUÑEA Azaroaren 23an Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuen atzo EH Bilduk. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak nabarmendu zuenez, Estatu espainol eta frantsesean «arazo nazionalen eta eredu territorialaren» inguruan eztabaida dago mahai gainean, eta Euskal Herrian bertan, «estatusari buruzkoa». Hala, aukera aprobetxatzeko unea dela adierazi du, eta Euskal Herria «nazio bat» dela eta «errespetua merezi» duela aldarrikatuko dute Bilbon. Ildo horretan, Otegik EAJri dei egin zion indar abertzaleen artean gutxieneko akordio bat lortzera estatus berriaren inguruan, gainerako alderdi politikoekin balizko negoziazio batean hori elkarrekin defendatzeko. Andoni Ortuzarrek igandeko Alderdi Egunean esandakoen harira egin zituen adierazpen horiek Otegik. Izan ere, EAJko presidenteak esan zuen bere alderdiak ez duela «ez batzuekin ez besteekin» negoziatuko euskal estatus berriaz, baizik eta guztiekin hitz egingo dutela «ahalik eta babes politiko handienarekin» testu bat negoziatzeko eta Gasteizen eta Madrilen aurrera egingo duen itun bat lortzen saiatzeko. Horrela, Otegik uste du «mundu guztiarekin» hitz egin behar dela, eta ez alderdi politikoekin bakarrik; izan ere, eztabaida horretan sindikatuek, unibertsitateek eta talde sozialek parte hartu behar dute. Hala ere, bi indar abertzaleek aldez aurretik «gutxieneko batzuk» adostea defendatu du, baina horrek ez du esan nahi «besteekin ez hitz egitea». Horrela, «akordio zabalak» aldarrikatu zituen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta herri mobilizazioaren bitartez, «nazio hau aitortuko duen estatus politiko berri bat lortuko» dutela nabarmendu zuen. PLURINAZIONALAOtegik azaldu zuen Gobernu espainolak «demokratizaziorako agenda bat amankomunuean» jarri behar duela. Horretarako, «ezkerreko politikak» egin behar dituela azpimarratu zuen, eta «nazioen aitortza» egin. Hau da, ulertzea «Estatu espainola plurinazionala dela».