GARA Euskal Herriko egunkaria

Pilar Garaialde: «Gogora institututik baztertzea birbiktimizatzea da»

Azken astean Egiari Zor fundazioa zenbait albisteren bueltan ibili da. Pilar Garaialde fundazioko kidea ez dute hautatu Gogorako kontseiluan egoteko, eta fundazioak birbiktimizaziotzat jo ditu Guardia Zibilak egingo dituen erakustaldiak. Horren guztiaren inguruan hitz egin zuen atzo Garaialdek NAIZ Irratian. «Egia lortzeko aitortza behar da», aldarrikatu zuen.

Pilar Garaialde, Egiari Zor Fundazioko eleduna. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joan den astean albiste izan zen Pilar Garaialde, Estatuko segurtasun indarren biktima, Gogorako kontseilutik kanpo geratu dela. Atzokoan NAIZ Irratian izan zen Garaialde bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko oinarrien inguruan hausnartzen.

Garaialderen iritziz, berak Gogorako kontseiluan ez parte hartzea ez da «zerbait pertsonala edo profil zehatz bat betetzen ez» duelako izan, ordezkatzen duenarengatik baizik: «Baztertu naute nik ordezkatzen dudan horregatik; Estatuaren biktimon ordezkaria naizelako». Gaineratu zuen hori «EAJren eta PSEren botoekin» gertatu dela eta ez dela Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritzarekin proportzionalki hautatu Gogoraren kontseiluko zuzendaritza: «EH Bilduri bi proposatzea egokitzen zitzaion, horregatik aurkeztu zituen bi; orotara bost aurkeztu behar ziren, baina sei aurkeztu ziren. Itxura guztien arabera, EAJren eta PSEren artean aurrez adostuta zegoen, ni bazterrean uzteko».

Ez da hori, ordea, joan den asteko gertaera bakarra. Maria Jesus San Jose Lakuako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuaren hitzak gogora ekarri zituen Garaialdek. Izan ere, sailburuak esan zuen ez dela etikoki onargarria biktimarioen irudiak eta horiek ordezkatzen dituzten ikurrak espazio publikoetan egotea. Horri erantzunez, Garaialdek esan zuen ez dela koherentea sailburuak lehendabizi esatea «sutsuki baztertu» behar direla biktimarioen irudiak espazio publikotik eta ondoren Guardia Zibilaren «sustapena» egitea.

Izan ere, Guardia Zibilaren erakustaldia aurreikusi dute Gasteizen, urriaren 12rako. Garaialderen hitzetan, Guardia Zibila «estatuak eduki duen sistema oso baten estrategia aktibo baten parte» izan da, «giza eskubideen urraketa asko egin dituena».

«Nora eraman nahi gaituzte? Orain dela hamar urteko agertoki batera?», bota zuen NAIZ irratiko uhinetan, eta gogorarazi, milaka torturatu egon direla Euskal Herrian. «Ni Guardia Zibilak torturatu ninduen; milaka horietako bat gehiago naiz», aitortu zuen.

BIZIKIDETZA DEMOKRATIKORAKO, AITORTZAREN BEHARRA

Bizikidetza demokratiko baten alde egiteko indartu beharreko elementuak aipatu zituen Egiari Zor Fundazioko kideak: «Bizikidetza demokratikoa lortzeko, memoria, bizikidetza eta giza eskubideak landu behar dira».

«Egia lortzeko aitortza behar da, eta ez errepikatzeko bermeak izateko ezin da inpunitatea sustatu», salatu zuen. Joan den astean bertan esan zuen Egiari Zorrek hau «errekonozimenduaren legegintzaldia» izatea nahi duela, eta Garaialdek nabarmendu zuen horretarako aitortzaren eskaerak aurkezteko epea zabaldu behar dela: «Aitortzarako eskakizuna egindako zenbait jada hil dira, aitortza ofiziala jaso gabe; hori tamalgarria da».

Nahiz eta espainiar Estatuaren biktimen ordezkaritza Gogoratik baztertzeak «birbiktimizazioa eta bazterketa» eragin, aurrera jarraituko dutela baieztatu zuen Garaialdek, «guk sinesten dugulako bizikidetza oinarri demokratikoetan osatuko dela».