GARA Euskal Herriko egunkaria

Juneren Hegoak taldearen egun handian, 24 orduko kirol erronka

Juneren Hegoak Egunaren aurkezpena. (JUNEREN HEGOAK)

Juneren Hegoak Errenteriako elkarteak, gaixotasuna duten haurrak eta haien familiak babesten dituen elkarteak, iaz 10 urte bete zituenak, herriko kaleak elkartasunez beteko ditu urriaren 11n eta 12an. Jaia ostiralean hasiko da, 19.00etan, eta larunbateko ordu berean izango du amaiera. Eta erronka horrek aurtengo Juneren Hegoak Erronka Egunari izena jarri dio.

2013tik, Xabi Salinasek beste kirol erronka solidarioetan parte hartu izan du, Hernani Wrukorekin, Aurrera Markelekin, Pausoka edo EiTB maratoia bezalako elkarte edo ekimenekin bat eginez. 50 urteko hernaniar honek elkartearen jaian parte hartu nahi izan du 24 orduko erronkarekin. Hasiera urriaren 11n izango da, ostirala, 19.00etan, Koldo Mitxelena patioko igerileku batean 8 orduz igeri eginez. Leku berean zortzi ordu emango ditu bizikleta estatiko batera igota, 03.00etatik 11.00etara. Eta, azkenik, Gernika plazan, erronka honen azken etapari ekingo dio, zinta batean martxa eginez, zortzi ordu luzez, 11.00etatik 19.00etara. 24 orduko triatloi estatiko «non stop» moduko bat izango da.

Ostiralean 19.00etan Koldo Mitxelena patioan zumba saio bat eta 20.00etan txokolatada handi bat izango dira.

Hurrengo egunean, larunbatean, 11.00etan, Gernika plazako jarduerei ekingo diete. Paella solidarioa 14.00etan hasiko da; ekintza honetan parte hartzeko tiketak salgai daude jada Errenteriako Aker eta Kerala tabernetan: paella gehi postrea, 10 euroren truke. 16.00etan magia ikuskizunaz eta 17.00etan diskofestaz gozatzeko aukera egongo da, 19.00ak arte iraungo duena. Une horretan amaituko dira elkartearen egun handia eta kirol erronka.

Beste batzuetan bezala, aurtengo ekitaldia Luisma Laboak dinamizatuko du.