03 OCT. 2024 Agurraren lezioa Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Agur esateko modu asko dago, eta ez naiz hizkuntzaz ari. Nortasunak, kulturak eta bestelako konbentzio sozial eta politikoek seko baldintzatzen dute egunean zehar hainbatetan elkarrekin partekatzen ditugun ‘‘ei banoa...!’’ horiek. Hori kudeatzeko abilezia soziala garatzea ezinbestekoa da jendartean anomalia bat ez gertatzeko. Trebezia horri esker, gure agurrak egoera jakinetara moldatzen ditugu: noiz luza gaitezkeen, noiz ezer esan gabe alde egin behar dugun, noiz esajeratu (artista baten moduan), noiz ibili apal-apal (badaezpada), noiz goxo, noiz zakar, izango ote den besarkada edo musu(ar)entzat lekurik, eska dezakegun errebantxa... Sutondotik plazara, kamerinoetatik agertokira; zer gertatzen da, baina, agur hori kameren aurrean egiten denean? Agidanez, agur publikoek badute (eduki dezakete), batez ere, jasotzaile gehiago; beraz, ondorio gehiago; beraz, ardura gehiago; beraz, azpiegitura gehiago; beraz, negozio gehiago. Baina trukean badute muga zorrotz bat: agurraren txanpa behin bakarrik harrapa daiteke eta ezin luza daiteke gehiegi, agurtzailearen sinesgarritasunari kalte konponezina eragin gabe, bederen. Ez al da ba tristea arreta eskuratzeko etengabe agur esaten ibili beharra? Garaiotan, hauxe izan daiteke agurraren lezioa (Ruperren baimenarekin).