03 OCT. 2024 EDITORIALA Migratzaileekiko elkartasuna jomugan Zazpi ekintzaile Hendaiako polizia-etxera deitu zituzten deklarazioa egin zezaten, migratzaileei ematen dieten laguntzarengatik. Iritsi zirenean, etorkinei muga zeharkatzen laguntzeko modu antolatuan jardutea leporatu zien Poliziak eta atxilotuta zeudela aditzera eman zien. Laguntza talde batek elkarretaratze bat antolatu zuen komisariaren kanpoaldean. Bildutakoek atxilotuen askatasuna eskatu zuten. Azkenik, arratsaldeko lehen orduan aske utzi zituzten denak. Badirudi beste gertakari bat izan zela mugak ixteko Europako politikaren barruan, baina oraingoan Gobernu frantsesak zuzenean jardun du migratzaileei laguntza ematen dieten pertsona solidarioen aurka, etorkinen giza eskubideen alde egiten baitute. Atxilotuek eta babesa ematen dieten pertsonek nabarmendu zutenez, laguntza horrekin ez dute inolako deliturik burutu. Elkartasunaren aurkako jazarpen horrekin Gobernu frantsesak solidaritatea kriminalizatu nahi du, pertsona bihozberaren artean beldurra eragin nahi du; eta beldurrarekin pasibotasuna, Europako mugetan lekukorik eta gizatasunik egon ez dadin. Hori izan da kanpoko mugetan erabili duten estrategia: itsas salbamenduko itsasontzien jarduna oztopatu eta edozein proiektu solidario eragozpen administratiboekin eta zehapenekin ito. Orain, dirudienez, Europa barruan lan egiten duten pertsona solidarioen taldeak jarri dituzte jomugan. Helburua da harresi ahalik handiena eraikitzea Europako herritarren eta migratzaileen artean. Elkar ez ezagutzean dago errezeloen eta beldurren ernamuina, eta diskurtso arrazista eta xenofoboetarako haztegia. Kanpoko mugak militarizatu dituzten bezala, Europako barne mugak desagertu egingo zirela errepikatu zuten; hala ere, gobernuek beste erabilera bat aurkitu diete muga zahar horiei: oso baliagarriak bihurtu dira migrazioa zanpatzeko. Errepresioarekin eta mugen militarizazioarekin segurtasun kontu gisa irudikatzen dituzte migrazioarekin lotutako gorabeherak. Horixe izan zen Michel Barnier lehen ministro frantses berriaren mezu nagusia ere, aste honetan Frantziako Asanblearen aurrean egin duen agerraldian.