«Hitzahots»: pianoa, olerkiak eta kantuak bat eginda, disko liburu bakarrean
Karlos Gimenezek eta Nerea Gorritik ‘Hitzahots’ disko liburua argitaratu dute. Gimenezen ‘La voz rendida’ liburuko olerkiak euskaratu eta pianoz lagunduta ondu dute lana. Elkar etxearen eskutik plazaratu dute, eta atzo bertan aurkeztu zuten jendaurrean.
Disko liburua argitaratu berri dute Karlos Gimenezek eta Nerea Gorritik, “Hitzahots”. Gimenezek berak plazaratutako “La voz rendida” poema liburua du erroa, eta Gorritik ahotsa jarri die euskaratutako olerkiei. Lan berria Gimenezek berak aurkeztu zuen atzo Donostian, Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan, Elkar Musikako Andres Camio “Jitu” lagun zuela.
Jabier Imaz Aierbek helarazi zizkion emailez Gimenezek gazteleraz idatzita zeuzkan poemak. Denbora nahikotxo igaro arte, ordea, ez zion haiekin zerbait egiteko ideiari heldu. Hamalau olerki aukeratu eta Nerea Gorritiri proposatu zion proiektua. Izan ere, X5 Kolektiboan elkarrekin dabiltza bi musikariak eta, elkar ezagutzeaz gain, batera lan egindakoak dira.
Gorriti aktorea ere bada. Hori dela eta, Gimenezi ezin aproposagoa iruditu zitzaion hark errezitatzea eta abestea kantu bilakatu behar zituen olerkiak: «Giro oso polita eman dio poema bakoitzari, denak bere puntuan».
Hamalau poema horietatik 11 dira errezitatuta doazen olerkiak. Gainerakoekin abestiak egin ditu Gimenezek, eta tartekatuta doaz disko liburuan. Euskarria edozein dela ere, ahotsa Gorritik jarri die pieza guztiei, Gimenezek pianoan lagunduta. Musikaria «oso pozik» dago lortu duten emaitzarekin.
Sortze prozesuaren xehetasunen berri eman zuen olerkari eta musikariak aurkezpenean. Behin itzulitako olerkien aukeraketa egin eta Gorritiren baiezkoarekin, abeslaria estudioan grabatzera sartu zen. Gorritik errezitatutakoaren gainean prestatu zituen Gimenezek pianoaren laguntzak, eta horrekin itzuli ziren berriz estudiora, musika grabatzera.
Emaitzarekin gustura eta egindakoaz harro, «apaltasun faltsua alde batera utzita» jo zuen Elkarrera, eta bertan proposatu zioten disko liburua egitea. Imazek azaldu zuenez, ordubete inguru behar da obra osorik gozatzeko.
Gainera, euskarriak aukera ematen du entzun bitartean poemak irakurtzeko, diskoa eta liburua batera zein bakoitza bere aldetik erabili baitaitezke, esperientzia nork bere gogora egokitzeko aukera emanez.
Gimenezek Huizi anaiei eskertu nahi izan zien ilustrazioekin egindako lana, olerkariaren ustez guztiz bat datozelako poemekin. Azaldu zuen oraindik ez daukatela hitzordurik obra jendaurrean aurkezteko; hala ere, espero du, disko liburua argitaratu ondoren, emanaldiren bat eskaintzea, “ohiko kontzertua” ez izateak pixka bat zailduko diela jakitun bada ere.
BI IBILBIDE, ELKARREKIN
Disko liburu hau ondu orduko haien bideak gurutzatu diren arren, Nerea Gorritiren ibilbide artistikoak zerikusi gutxi dauka Karlos Gimenezenarekin. Gorriti aktorea da, musikaria eta abeslaria izateaz gain; besteak beste, ETBko “Ihesaldia” eta “Go!azen” telesailetan ibili izanagatik da ezaguna.
Gimenez, bestetik, musikari eta pianista bezala Oskorri taldean ibili zen, eta Xabier Lete, Antton Valverde edo Imanol bezalako musikariekin elkarlanean aritu izan da.
Duela urte batzuetatik hona X5 Kolektiboan dabiltza biak ala biak, Iñaki Salvador, Petti eta Francisco Herrerorekin batera.