GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Itziar Alkorta IDIAKEZ
EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria

«EHUren Uda Ikastaroen balantzea ederra da: partaide, espazio eta gaietan hazi gara»

Hazi egin dira aurten EHUren Uda Ikastaroak: 1.054 lagun gehiagok parte hartu dute, eta 13.894 ikasle bildu dira guztira Donostiako Miramar Jauregitik Euskal Herri osora hedatu diren ikastaro eta ekintzetan. Kopuruan soilik ez, aniztasunean ere irabazi dute. Jada hurrengo ediziora begira daude, erronka nagusi batekin: ikaslearen esperientzia hobetzea.

(Iñigo URIZ | FOKU)

«Hazi egin gara aurten, %8 baino apur bat gehiago, 1.054 lagun gehiago etorri baitira gurekin ikastera. 13.894 pertsona izan dira guztira», azaldu zion GARAri Itziar Alkorta Idiakez EHUren Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioaren lehen balorazio prentsaurrekoa bukatu eta segidan, pozarren. Orain, balorazio sakonagoa egin eta datorren urteko ikastaroak prestatzea tokatzen da.

Zein erronka duzue datorren urteari begira?

Erronka nagusia ikaslearen esperientzia hobetzea da. Gure ikaslearen profila 45 urteko emakume profesionalarena da. Kultura zabaldu nahian etortzen da, profesionalki etengabeko formazioa eskatzera. Publiko exijentea da, eta ikastaroak kalitate handikoak eta parte hartzaileagoak izan daitezen nahi dugu. Helburuak horiek dira, aurten bezala gaiak egunekoak eta interesekoak izateaz gain.

Gai batzuk aktualagoak dira, bertzeak bizitzari lotuak, errepikatzen direnak.

Aurtengo edizioak berezitasun bat izan du: gai berritzaileak landu ditugu. Hori izan da arrakastaren gako bat. Arrakastarik handiena adimen artifizialaren eta iraunkortasunaren kurtsoek izan dute. Arlo klasikoagoak ere jorratu ditugu: osasuna, zuzenbidea, hezkuntza... Euskal kultura eta historiaren inguruan 10 jarduera egin ditugu, eta harrera oso ona izan dute.

Donostiako Miramar Jauregian egiten dituzue ikastaro gehienak, baina duela urte batzuk zabaltzeko apustua egin zenuten.

Apustu hori egin genuen, gure eginbeharra delako udan Unibertsitatearen ateak edonori irekitzea eta Euskal Herri osora zabaltzea. Urtero joaten gara leku berrietara, eta aurten 17 herritan egon gara. Kokagune berezi bat zaindu dugu: Baionan 11 ikastaro eskaini ditugu, denetariko gaiekin, eta 700 lagun batu gara. Horrez gain, online kurtsoak ere asko hazi dira; covidaren garaiak utzitako onura bat da. Lehen aldiz, Iberoamerikako publikoari begirako ikastaroak egin ditugu, eta ekimen horrekin jarraitu nahi dugu.

Jende berria hurbildu dela aipatu duzu, zein profiletakoa?

Nondik datozen erreparatuz gero, ikasle gero eta gehiago datoz kanpotik, gehienak online. Estatu espainiarreko jendea hazi da, Europatik ere asko etorri dira, erdialdetik gehienak. Aurten gazteen profila sendotu da. Uda ikastaroak hasi zirenean, etortzen ziren gehienak Unibertsitateko ikasleak ziren; gaur egun, ordea, ez dira %14ra iristen. Gure helburu bat profil hori sendotzea eta haztea da. Horretarako programa bat martxan dugu, bekak emanez eta ikastaroak merkatuz, baina batez ere euskarazko eskaintza handitu dugu, 67 ikastaro emanez euskaraz, eta horri esker hobeto heldu gara gazteengana.

Ikasleen %60 emakumeak dira. Hor badugu beste erronka bat: gizonengana iristea.

Ingelesez ere ikastaroak egin ditugu. Baionan, euskaraz eta frantsesez ere bai, eta horrek publiko berrietara heltzeko aukera eman digu.

Itzulpena erabili duzue?

Bai. Gainera, hitzarmen berezi bat egin dugu Elhuyarrekin. Bere itzultzaile automatikoa martxan jarri eta aurkeztu genuen Baionan, eta lanean ari gara beraiekin, itzultzailearen bidez ikastaroak guztiz euskaraz jarraitu ahal izateko.

Oro har, Unibertsitatearen arlo honi buruz zer erranen zenuke? Zein dira erronkak?

Nahiz eta formulazioa aldatu, erronkak berdina izaten segitzen du: Unibertsitateak ezin du gotorleku bat izan, ireki eta ezagutza partekatu behar du, entzun egin behar du. Beti hori izan da gure helburua, baina garai honetan desinformazio handia dago gizartean, sare sozialen bidez, eta geure eginbehar oso garrantzitsu bat da informazio zientifiko zorrotz eta fidagarria zabaldu ahal izatea, eta informazio hori kritikoki aztertzeko ohiturak zabaltzea. Urtero biltzen ditugu beren gaietan adituak diren 1.200-1.300 pertsona, eta horiek egiten dituzten proposamenek kalitate zientifikoa dutela bermatzen du programa batzordeak.

Nola prestatzen dituzue Uda Ikastaroak?

Aurtengoa amaitu, baloratu eta deialdia kudeatzen hasiko gara. Hobekuntzekin eta ikasleen iradokizunekin azarorako gertu izango dugu deialdia. Edonork aurkez dezake bere proposamena. Hortik gure programa batzordeak hautatzen ditu ikastaroa emango dutenak. Nahiko lehiakorra da, interes handikoenak aukeratzen dira. Batzordeak iradokizunak egin ditzake hobetzeko. Urtarrilerako gure 160-180 uda ikastaroak prest izango ditugu. Hortxe gaude orain: gure zikloa berriz hasiko da azarora begira.

Baduzu ikastarorik zerbaitengatik berezia egin zaizuna?

Bereziki estimatu ditut euskal kulturaren gaineko ikastaroak, ikastaro oso interesgarriak eman dira Bermeon eta Mundakan. Jose Migel Barandiaranen ekarpena etnografia eta euskal mitologian; gure klasikoak ere bai, Chillida eta Basterretxea, Luis Martin-Santosi omenaldia; Arantxa Urretabizkaiari eskainitako ikastaroa... Bestetik, 188 jarduera egin ditugu guztira. Oso maite dugun jarduera bat Donostia Iraunkortasun Foroa da; bai online bai presentzialki, aldaketa klimatikoaren gaineko hitzaldiak ematen dizkiogu orotariko publikoari, doan, urte osoan. Aukera dago abendura bitarte beste hiru jardunalditarako. Hurrengoa oso interesgarria izango da: klima larrialdiak gure osasunean hirietan nola inpaktatzen duen azalduko dute adituek, urriaren 23an, 18.00etan. Badugu komunitate bat jarraitzen gaituena. Gero bideoak gure plataforman jartzen ditugu, eta jendeak asko kontsultatzen ditu.

Komunitateari onura ekartzen dio horrek.

Hori da xedea: eskatzen digun komunitate bat egotea eta horri begirako lana egitea.

Suizidioari buruzko ikastaro batean elkarrizketa bat egiteko aukera izan nuen, Pedro Martin-Barrajon adituari.

Eta, zer iruditu zitzaizun?

Gustatu zitzaidan bere komunikatzeko era, modu xumean aholku eta datu interesgarri pila bat eman zituen.

Bai. Bi ikastaro eman ditugu suizidioaren gainean, eta horietako bat doluari lotuta zegoen. Bertako hizlarietako bat izan zen Pedro Martin-Barrajon. Ikastaro hunkigarria eta oso parte hartzailea izan zen. Ez da erraza modu delikatuan halako esperientziak partekatzea; zuzendari ona eta publiko egokia eskatzen du. Iritzirik onenak dituzten hizlariak berriz gonbidatzen saiatzen gara.