05 OCT. 2024 KOLABORAZIOA Egunero (ez) da Martxoak 8 Jon BIZKARGUENAGA ETXABE Demagun emakumea zarela eta haurdun zaudela. Demagun erakunde publiko batek antolatutako lan eskaintza publiko baten izena eman duzula eta azterketaren egunean bertan erditzea eragingo dizutela, Osakidetzak aurreikusitako erditze data igaro delako eta ezin delako gehiago atzeratu. Demagun lan eskaintza hori zuzentzeko izendatutako epaimahaiko kideei zure egoeraren berri ematen diezula, alegia, azterketaren egunean bertan erditzea probokatuko dizutela eta, Berdintasun legeak zein lan eskaintzaren oinarriek aurreikusten duten bezala, zure parte hartzea prozesuan beste interesdunekiko baldintza berdintsuetan egiteko hartu beharreko neurriak har ditzan eskatzen diezun. Demagun epaimahaikide horiek ebazten dutela baietz, zure egoera dela eta moldatuko dutela azterketaren ezaugarritzea eta aukera ematen dizutela ospitalean bertan azterketa egiteko, hau da, azterketa egin beharko duzula ohiko deialdiaren egun berean, erditzerako prestatzen ari zaren bitartean, erditzen zaren bitartean edo erditu berritan. Ez dirudi egoera horretan azterketa bat egitea aurretik aipatutako berdintasun printzipio horrekin bat datorrenik, ezta? Ez dirudi ezta ere Berdintasun legearen 1/2023 Legegintzako Dekretuak bere 21. artikuluko d) atalean adierazten duen aipuarekin bat datorrenik: «Neurri batzuk, hautaketa-prozesuak… garatzerakoan amatasunari behar bezalako babesa emateko, bai jaio aurreko aldietan, bai jaiotza ondoko aldietan… sexuan oinarritutako diskriminazio egoerarik ez gertatzeko... deialdi bakarreko sistemaren araberako ariketak edo probak edo hautagaiak bertaratzea eskatzen duten bestelako jarduerak… haurduntza, erditze edo edoskitze egoerek, … ekitaldiaren denbora edo leku inguruabarrak aldatzea eragin dezakete … Aldaketa eskabideak kontuan hartzerakoan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko». Are gehiago, dirudiena zera da: sexu izaeragatiko diskriminazio zuzeneko kasu baten aurrean gaudela, haurdun egoteagatik diskriminatuta hain zuzen ere. Ba horixe bera gertatu zaio Z.G.G.-ri, Basauriko udalak Etxe Maitia nagusien egoitzarako antolatutako lan eskaintza publikoan izena emandako basauriarrari. Ondorioa? Azterketarik egin ez eta prozesutik kanporatua. Nori okurritu ahal zaio erditzen zaren egunean azterketa bat egiteko moduan egongo zarela? Basauriko udala urtero-urtero lerrokatzen da emakumeen eskubideekin martxoak 8aren bueltan, urte osoan zehar berdintasunaren aldeko eta sexu arrazoiengatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko prest agertzen da, baina, tamalez, badirudi konpromiso horiek guztiak praktikan jartzeko momentua heltzen denean haizeak eramaten dituela… Zenbat dagoen egiteko oraindik. Nori okurritu ahal zaio erditzen zaren egunean azterketa bat egiteko moduan egongo zarela?