05 OCT. 2024 Eusko Ikaskuntzaren kongresuaren helburua proposamenak egitea izan da Ondorioek proposamenak egiteko balioko dutelakoan, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan pozik agertu ziren atzo Eusko Ikaskuntzak Gasteizen antolatu duen XIX. Kongresuarekin erakundeko lehendakari Ana Urkiza eta ekitaldiaren lehendakari lanetan aritu den Patxi Juaristi. Gordinean botako dituzte lehen proposamen batzuk, gero lantzeko. Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, kongresuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Peli LEKUONA GASTEIZ Gasteizko Europa Jauregira eraman du XIX. Kongresua Eusko Ikaskuntzak. Arlo zientifiko, kultural, sozial eta akademikoko ordezkari ugari batu dituen topaketaren azken jardunaldian, bertarainoko bidea egin zuen NAIZ Irratiak, kongresua jarraitzeko eta hainbat aditurekin solastatzeko asmoz. Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta kongresuko lehendakari Patxi Juaristik biribildu zuten atzo saioa, egunok eman dutenaren balantzea eginez. Urkizarentzat «esperientzia zoragarria eta intentsua» izan da. «Luze» ere egin zaio, jendetsua izan delako eta denekin egon nahi izan duelako, baina «hori ez da posible». Parte hartze handia izan da. «Minutu gutxi eskaintzen ditugu, baina egia da jendeak parte hartzen duela bai galderak egiten edo iritzia ematen. Eta oso ederra da ikustea iritzi emate horretan, proiektuak garatzerakoan erabili dugun aniztasun berarekin topo egin dugula». Horregatik da berarentzat kongresu garrantzitsua, esateko: «Honaino heldu gara. Emaitzak hauek dira, proposamenak hauek dira. Baina oraindik irekiak izaten jarraitzen dute, eta kongresuan bertan jasotzen diren galdera-erantzunak edo iritziak batu egiten dira azken emaitza horietara». Eusko ikaskuntzaren bokazioa da herriarentzat ideia berriak plazaratzea, politika publikoetan inspiratzailea izatea. Juaristiri atentzioa eman dio askotan errepikatu dela errelato berri bat behar dugula. «Gai asko jorratu ditugu, lehen egunean ikuspuntu sozioekonomikotik, bigarren egunean jendartearen ikuspuntutik, eta askotan aipatu da errelato berri bat, euskal nortasunari lotutako errelato berri bat, edo hezkuntzan, edo kulturan». Esanguratsua izan zen Hilary Cottamek esandakoa: «Egungo ongizate sistemak iraungita daude», hausnartu zuen. Urkizaren arabera, filosofia horretan, pertsona zentroan jartzearen beharraz eta konexioak sortu beharraz ere hitz egin zuen adituak. Hau da, pertsonarekin batera komunitatearen zentzua erdigunean jartzeaz. «ONDORIO ASKO EMANGO DITU» Juaristiren ustez, kongresu honek emaitza eta ondorio asko emango ditu. «Astelehenetik aurrera lana bada, ondorio guztiak txukun jarri, buelta bat eman eta gero gizarteratzeko. Egun hauetan egin diren eztabaida horiek ezin dira hemen gelditu. Jende asko etorri da kongresura, baina etorri ez diren askok ere interesez irakurriko dituzte. Gure nahia eta helburua izan da proposamenak egitea, hau da, gai garrantzitsuen inguruan, Eusko Ikaskuntzak historian egin duen bezala, proposamenak egitea. Orain tokatzen da horiek eragile politiko, kultural eta sozialen artean zabaltzea». Urkizak erantsi zuen identifikatu dituztela lan lerroak izan daitezkeen gai aterkiak. Eta gero aterki horietan proiektu ezberdinak, dimentsio ezberdinetakoak egon daitezke. «Gordinean botako ditugu lehenbiziko proposamen batzuk, eta horiek gero lanketa bat behar dute», esan zuten. Eusko Ikaskuntzaren kongresu guztietan jaso dira gizartearen kezka eta behar horiek. Horietako hainbat izango dira, ziur asko, hurrengo kongresura eraman ahal izango direnak. KONTAKIZUNAGai asko jorratu dituzte, lehen egunean ikuspuntu sozioekonomikotik, bigarren egunean jendartearen ikuspuntutik, eta askotan aipatu da errelato berri bat, euskal nortasunari lotutako errelato berri bat, edo hezkuntzan, edo kulturan. BIDEAK«Gaiak hemen dauzkagu, eskuartean, eta historikoki Eusko Ikaskuntzaren ardura izan dira herri honen sustraietan dauden gaiak. Uste dut erronka dagoela horiekin guztiekin nola aurre egin modu orekatu batean. Horretarako bide berriak behar ditugu», adierazi zuen Patxi Juaristik.