Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Estremista

Liburuaren azaletik egilearen izena ezabatuz gero, bere azken liburua estremista batek idatzitako propagandatzat har zitekeela bota zion Ta-Nehisi Coatesi CBS kateak goizetan eskaintzen duen programako gidariak, Tony Dokoupilek. Iragan astelehenean gertatu zen hori, hurrengo egunean AEBetako liburu dendetara heltzekoa zen “The Message”-n (Mezua) harira. Liberalen artean idazle estimatua da Coates, eta haren argitalpen oro Oprah-ren liburu gomendagarrien zerrendan agertu da. Orain arte, behintzat. Gai sentikorra jorratzen baitu “The Message”-k eta baliteke idazle afro-amerikarraren estatusa kalteturik gertatzea. Hiru saio biltzen ditu “The Message”-k, Coatesek egindako beste horrenbeste bidaietan oinarriturikoak. Lehenengoak Senegalgo hiriburua, Dakar, esklabotzaren mamuak zeharkaturiko hiri modernoa du ardatz. Bigarrenak Hego Carolinako Columbia du kokalekua, Coatesen liburuak debekatu dituen eta konfederatuak omentzen dituzten monumentuez beteriko hiria. Azken saioak, liburuko luzeena den horrek, Coatesek Palestinara egindako bidaia azaltzen du: berarentzat argigarria bezain aztoragarria izan zen bisita, AEBetan jasotako bertsioa gezurtatu ez ezik palestinarren jazarpena bertatik bertara ikusteko aukera eskaini baitzion. Hiru saioetatik zeinek sutu zuen Dokoupil, aise asma daiteke.