GARA Euskal Herriko egunkaria

Kilometro izpitsuak, euskara, aniztasuna eta herrigintza gozatuz

Kimu berria eta kimu zaharra elkarrekin izan ziren Azpeitiko Kilometroak jaiaren hasiera ekitaldian, aniztasuna ipar. «Gu euskaldunok ezin gaitezke lasaitu, herri zoragarri hau babesten jarraitu», egin zuten dei Joanes Azpillaga eta Imanol Lazkano bertsolariek, ikaslea bata eta ikastolaren sorrerako laguna bestea. Egunaren balorazioa ederra izan zen: «Bizipen zoragarria» izan zen.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu zituzten Kilometroetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Izpiz izpi” argitu zen Azpeitia. Eguzki-lorearen babesean eta eguzkia lagun, Ikasberri Ikastolako komunitateak urte osoan izerdiz, auzolanean eta ilusioz beteta prestatutako egitaraua martxan jarri zen, denen gozagarri. Mila boluntario baino gehiagoko taldea ibili zen egun osoan lanean, eta dena «zoragarri» joan zen, antolatzaileek amaierako balantzean adierazi zutenez. Azpeitia arnasgune bat da euskararentzat, eta laugarren urtez prestatu zuten Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgunea izan zen.

Hiru ardatz nagusitan oinarritu zuten festa, horiek baitira lortu nahi dituzten helburuak: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Lortutako etekin ekonomikoa balio horien inguruan herriko eragileekin proiektu bateratu bat sustatzeko baliatuko dute.

Hasiera ekitaldian, Lakuako Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek aho batez aldarrikatu zituzten hiru balio horiek. Esan zutenez, euskarak erronka handiak ditu eta hezkuntza komunitateak indarra egin behar du haiei heltzeko.

Skapaie elektrotxarangak “Izpiz izpi” abestia jo, eta Ikasberriko gaztetxoek lagundu zieten dantzan. Miren Iturzaeta eta Mattin Arakistain ikasleek aurkeztu zuten ekitaldia, eta Amagoia Osinalde Euskal Gorrak elkarteko kideak zeinu hizkuntzara itzuli zuen.

Igor Aranbarri Ikasberriko Artezkaritza Kontseiluko kideak adierazi zuenez, aurten abiatu duten bidean jarraitu nahi dute. Horretarako, ikasturte osoan ereindako hazia ernatzeko baldintza onak sortzea dute hurrengo erronka.

Urte osoan egindako lana eskertu zion Nagore Alkorta alkateak ikastolari, eta bakoitzak beretik horretan jarraitzeko deia egin zuen.

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak, bestalde, «gure hezkuntza sistemak bere eguzki-lore propioa» behar duela aldarrikatu zuen, eta eguzki-lore horretan Ikasberri ikastolak landu dituen ardatzak ezinbestekoak direla adierazi zuen.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak «euskara integraziorako ezinbesteko tresna» dela esan zuen, eta gehitu zuen «euskara babesten ez badugu herri gisa jai» dugula.

BALIOEKIN ERAIKI

Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak Ikastolen zeregina oroitu zuen: «Balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitea. Euskaratik eta euskaraz. Horretan garela, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu».

Une hunkigarrienetako bat Mari Azkue Ikastolako zuzendariak Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzako hitzak irakurri zituenekoa izan zen: «Euskaraz kontatu eta kantatzen dizkiguzue guztionak diren istorioak. Inor ere atzean utzi gabe, aniztasuna maitatuz… irria oparitzen duzue guztiontzat. Irriaren hizkuntza delako bihotzarena, buruarena eta eskuarena. Ekinean, ekin etengabean. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da zuen mezua. Herriz herri, herrigintzan ari eta ari den horrengandik hurbil, beti eskura, beti gertu. Eta guk horixe da, bihotz-bihotzez, eskertu nahi dizueguna. Urteak bete, abenturak bizi. Zer litzateke gure haurtzaroa, gure guraso aroa Pirritx, Porrotx eta Marimotots gabe? Ezinezkoa zaigu halakorik irudikatzea».

Kalejiran egin zuten Ikastolatik Azoka plazara arteko bidea, eta han, aurreskua dantzatu zieten pailazoei, beraien “Katu bi” abestiarekin. Atzokoan lau gune ireki zituzten, aniztasuna eta inklusioa bereziki zainduz, puntu moreekin. 340 gaztek eta 21 ikastolak parte hartu zuten Erronkan. Kirola, musika, dantza, magia, jolasak, denetarik izan zen. Egun izpitsu honen ondotik, Elgoibarrek hartu zuen lekukoa.