Intsumisio Egunean, 25.000 lagun Oiartzunen
Nafarroan piztutako intsumisioaren sua gainerako herrialdeetara indarrez zabaldu zen aurreko mendeko 90eko hamarkadan. Horren adibidea da 1994an Oiartzunen ospatutako Intsumisio Eguna, 25.000 lagun bildu zituelako. Begoña Simonek ‘‘Egin’’ egunkarian idatzitako kronika berreskuratu dugu.
Etorkizuneko Artefaktu honetara ekarri dugu jada intsumisioaren mugimenduaren eztanda. Horren erreferentziazko urtea 1991 izan daiteke gehienbat, orduan desobedientzia Nafarroan bereziki barreiatu zelako, eta horren ondorioz 1993. urtean epaiketa asko burutu ziren.
Testinguru honetan heldu zen Oiartzunen 1994ko urriaren 9an ospatutako Intsumisio Eguna, arrakasta itzela izan zuena.
Esan bezala, biharamunean Simonek ‘‘Egin’’-en idatziko artikulua berreskuratu dugu, euskarara ekarria. Bertan, agerian gelditzen dira mugimenduaren indarra eta eragiten zuen elkartasuna:
«‘‘Militarrak kanpora!’’. Aho batez entzun da oihua, eta horrekin batera soldadu eta koronelek burumakur alde egin behar izan dute Oiartzundik. Intsumisoek herria konkistatu dute.
Horren ondoren, dena ospakizuna eta festa izan da, algara, musika, etabar... Euskal Herriaren desmilitarizazioa aldarrikatzeko, 25.000 lagun inguru bildu dira.
Harro, harroputz heldu dira beren zaldien gainean, Atilaren gisara, zapaltzen duten guztia txikituz etorri dira. Baina lotsatuta itzuli dira gero, begiradan garaituak izan diren keinua antzematen zitzaiela. Intsumisoak, milaka lagunen bultzadaz, militarrei nagusitu zaizkie Oiartzunen gertatutako talkan.
Parodia baino ez da izan. Hala ere, batzuek zein besteek ederki bete dute enkargatutakoa antzezpen honetan. Intsumisoen buru gisa, jende aski ezaguna: Fermin Muguruza Negu Gorriak-eko abeslaria; Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariak, Oiartzungo alkate den Jon Iñarra, bataila gogorra izanagatik ere ezpainetan pipari tinko eutsi diona. Biba eta txalo artean egin dute aurrera, eta militarrak, aldiz, beren kabuz sakabanatu dira.
‘‘Ez dira pasako’’ batera oihukatu dute milaka eta milaka lagunek... eta ez dira pasa. Horren ostean jaia hasi da, jai itzela, ospakizunarekin batera. Ibilbidea -herriko plaza, Ugaldetxo auzoa eta ikastolaren gunea lotuz- betetzen joan da, gazteak eta ez hain gazteak batuz egunak aurrera egin ahala, eta arratsaldearen erdialdean 25.000 lagun zenbatu ditu antolakuntzak.
Herri aldarrikapen ezberdinak azaldu dira bidean. Ekologistak, internazionalistak, euskararen aldeko taldeak, amnistiaren aldekoak... denek bat egin dute, desmilitarizazioa helburu. HBko eta EAko ordezkariak ere izan dira.
Iñaki Ausan Kakitzat-eko eledunak (Intsumisio Egun honen talde antolatzailea da) esan duenez, helburua talde guztiak batzea zen, aldarrikapen horren inguruan. Izan ere, ‘Euskal Herriak bere etorkizuna zein izango den erabakitzea pentsaezina da, militarizatuta baldin badago’. Estatuak intsumisio presoak sakabanatuz eta Ordezko Zerbitzu Sozialerako (PSS, gazteleraz) plazak gehituz erronka bota du, baina ‘guk irmoki erantzungo diogu, PSS zein zerbitzu militarra goitik behera errefusatuz’.
Eguna normaltasunez joan da, baina larunbateko gauaz ezin da gauza bera esan. Makrokontzertua antolatuta zegoen Oiartzunen Intsumisio Egun honen harira, eta gazte andana bertaratu da. Hasteko ordua zela, Guardia Zibilak zenbait kontrol ezarri ditu herrira iristeko bideetan eta autoetako gazteak geldiarazi dituzte, intsumisoak ote ziren galdezka.
Antolatzaileek salatu dutenez, asteazkenetik gaur arte, prestaketa lanak hastearekin batera hasi baitziren, kalez jantzitako guardia zibilen autoak batera eta bestera ibili dira herrian.
ELKARTASUN OIHUA.
Intsumiso izateagatik edo autoinkulpazioa egiteagatik inhabilitatuta dauden alkate eta zinegotziei beren elkartasuna adierazteko, bestalde, hamaika alkate bildu dira Oiartzungo Udaletxean.
Oiartzun, Bermeo, Arrasate, Villabona, Bargota, Dima, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Lezo, Usurbil eta Pasaiako alkateek intsumisioarekiko konpromisoa publiko egin dute. Jon Iñarra oiartzuarrak hala adierazi du balkoitik: ‘Intsumisio mugimendua gehiegi zabal ez dadin errepresio maila batzuk hartu dira eta gizartean sor daitekeen erantzuna biguntzen saiatu dira. Horrela, Estatuak intsumisioaren arazoa epaitegi arazo bihurtu du’.
Udal intsumisoek diotenez, horren guztiaren ondorioz mugimenduak momentu berri bat bizi duela uste dute; hau da, ‘Estatuaren ofentsibari erantzun berriak emateko garaia da’. Agiriaren laugarren puntuan euskal gazteek soldaduskari uko egiteko duten eskubidea aldarrikatzen dute eta instituzioek babesa eskaintzen diete». Honela amaitzen zen Begoña Simonen kronika.
Berez ordurako jada zerbitzu militarra ez zen derrigorrezkoa (Ordezko Zerbitzua bai) baina Oiartzungo festa egun handi hartan inork ez zuen sumatzen hain azkar amaituko zela. Bi urte geroago Aznar Gobernuak agindu zuen, euskal bultzadari esker.
[2005] Mendilibar, cuatro banquillos vascos y un estilo inimitable
Un día como hoy en Lezama abría sus puertas a GARA José Luis Mendilibar. Su ciclo en el Athletic no acabaría bien, pero la trayectoria del de Zaldibar sigue sorprendiendo a propios y extraños en este 2024, como refleja este perfil redactado por Ramón Sola que puede leerse íntegro en NAIZ.
Más allá de sus últimos éxitos europeos con Sevilla y Olympiakos, Mendilibar es para la afición vasca un entrenador muy propio y muy cercano. A ello contribuye el hecho insólito de que haya entrenado a cuatro clubes vascos en Primera (además del Athletic, Eibar durante seis temporadas, Osasuna durante más de tres y Alavés durante algunos meses). Todo ello sin olvidar sus anteriores prestaciones como centrocampista en el Sestao que rozó la Primera, en ocho temporadas entre los 80 y los 90, junto a Ernesto Valverde.
Paradójicamente, a Mendilibar solo le falta entrenar a la Real, que en varias entrevistas ha admitido como el equipo del que es seguidor desde siempre. «De equipo no se cambia», ha repetido cuando se le ha apuntado esta contradicción.