10 OCT. 2024 Garai zailetan liburuak babeslekua direla gogorarazi dute Euskadi Sariek Suntsituta eta gerra giroan murgilduta dagoen mundu honetan zer zentzu duten liburuek, poetek eta literaturak galdetu zioten bere buruari Jon Gerediagak eta Harkaitz Canok, aurtengo Euskarazko Literatura eta Haur eta Gazte Literaturaren irabazleek. Gizakiak garela gogoraraztea agian? Euskadi Literatura Sarien lehenengo irabazleak ezagutzera eman zituzten atzo, eta haietako beste bat izan zen David de las Heras ilustratzailea. Jon Gerediaga eta Harkaitz Cano, Ibone Bengoetxea Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburu-ordearen artean. (Oskar MATXIN | FOKU) AMAIA EREÑAGA BILBO Euskadi Literatura Sarietan aurtengo lehen irabazleen izenak ezagutzera eman ziren atzo Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Jon Gerediagaren “Zeru-lurren liburua” (Elkar) poema bilduma delikatuak irabazi du Euskarazko Literatura atalean; Harkaitz Canoren “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” (Erein) liburu ilustratuak -Isabel Herguerak egin ditu irudiak- Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan; eta Bartzelonan lan egiten duen David de las Heras ilustratzaile bilbotarrak Machadoren “Campos de Castilla” (Lunwerg) klasikoaren inguruan egin duen album ilustratuagatik irabazi du Literatura Lanaren Ilustrazioaren atalean. Hurrengo astean Donostian ezagutaraziko dituzte gainerako sariak, eta azaroaren 21ean banatuko dira Gasteizen. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 gehiago ere bai baldin eta ondoren lana beste hizkuntzaren batera itzuliko balute. ATERPE DELIKATU BAT Jon Gerediagaren (Bilbo, 1974) “Zeru-lurren liburua” lanaren ibilbidea sariez markatuta dago. Iaz Irun Hiriko Kutxa literatura saria irabazi zuen, orain Euskarazko Literaturaren Euskadi saria; hau da, iaz euskaraz argitaratu den literatura “uztaren” artean hautatu du liburu delikatu hau Arantza Urretabizkaiak, Maite Lopez las Herasek, Alexander Gurrutxagak, Ane Labakak eta Mikel Ayerbek osatutako epaimahaiak. Gerediaga filosofia irakaslea da ogibidez eta antzerkian ibilbide oparoa du. Hamar urtez Antzerkiola Imaginarioa taldeko dramagilea izan da. Bien bitartean, zazpi poesia liburu argitaratu ditu, azkena “Zeru-lurren liburua”. XIX. mendeko hasierako poeta batek bota zuen galdera batetik abiatu zen atzo: «Zertarako poetak garai nahasietan? Nik ere ez dakit galdera horri erantzuten. Aitor dut batzuetan pentsatzen dudala jarduera absurdoa dela hitzak juntatzen ibiltzea, mundu erdia gerran eta hankaz gora dabilen bitartean. Baina aldi berean argi ikusten dut ezinbestekoa dela niretzat poesia idazten jarraitzea, jarduera ia absurdoa, baina ezinbestekoa» ANTZERKITIK PAPERERA Patxi Zubizarretak, Larraitz Idarretak, Xabier Etxaniz Erlek, Naroa Zubillagak eta Ruben Ruiz Perezek osatu dute aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako epaimahaia. Eta, bitxia dirudien arren, aukeratu zuten liburuak antzerkiarekin lotura du bere sorreran, Fernando Bernuesek zuzendu zuen antzezlan batean oinarrituta baitago, Canok berak atzo aipatu zuenez: «Lehenbizi antzerkia izan zen, eta, antzezlanean idazle batek bere liburua aurkezten zuenez, pentsatu genuen zer ederragoa liburu hori existitzea baino. Orduan idatzi nuen, liburu hau existitu zedin antzoki batean, pertsonaia baten eskuetan». Canorentzat bere laugarren Euskadi Literatura Saria da hau. “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” album ilustratuak edizio «paregabea» du epaimahaiarentzat. «Neu arduratu naiz liburu honetan maite ditudan liburuez eta istorioez», argitu zuen. «Batzuetan galdetzen duzu ea zein zentzu duten liburuek. Baina uste dut, tituluak dioen bezala, mundua pitzatuta egon arren, momentuz hemen gaudela. Hemen jarraitzen dugu. Oinez pitzadura horietan barrena ibiltzea, horixe baita bizitza». Bestalde, David de las Herasen “Campos de Castilla” album ilustratua, «lan biribila» da epaimahaiaren arabera: «Egileak maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz». MISIO BAT«Iruditzen zait literaturak betetzen duela misio inportante bat: momentu larrietan, hunkigarrietan... badaude poetak, idazleak eta istorio gogoangarriak, eta horiei heltzen diegu», adierazi zuen Harkaitz Canok.