GARA Euskal Herriko egunkaria
LONDON BASQUE SOCIETY

London euskal etxea: euskara elkargunea da hiri handian

Londresko euskal komunitate txiki eta sakabanatuaren bilgunea da London Basque Society edo euskal etxea. Euskaraz mintzatzeko eta haien artean planak egiteko aukera. Urrian euskara klaseak ematen hasi dira Zoom bidez, eta aurki euskal kulturari buruzko ikastaro bat izanen da, Euskal Herrian gaudenoi ere irekia.

Korrika ere egin zuten Londresen martxoan. Mantentzen duten ekintzetako bat da, arrakastatsua gainera. (LONDON EUSKAL ETXEA)

London Basque Society edo euskal etxea euskara eskolak ematen hasi da Zoom bidez urrian. Celia Mata irakasleak GARAri azaldu dionez, urteak dira klaseak ematen direla. «Aurrez aurre egiteko, oso handia da Londres. Jendeak interesa izan arren, etortzeko zaila du, bidaia luze samarra delako. Online errazagoa da. Pandemian jende asko ohitu zen. Erresuma Batu osora hedatzen da eta, hala, aiseago heltzen gara ikasle kopuru minimo batera». Astean behin eskaintzen dira hizkuntza eskolak. Bizpahiru talde izaten dira, maila ezberdinekoak.

Ikasleak gustura dabiltza. «Gehienek ez dute tituluarengatik ikasten, gogoa dutelako baizik. Batzuek familia euskalduna dute eta besteek Euskal Herritik hona etorrita ikasi nahi dute».

«IKASLEAK MAITATZEN DITUZU»

Mata Errenteria-Lezokoa da. Euskal ikasketak egin zituen, zenbait urtez irakasle ibili zen Euskal Herrian, master bat egiteko asmoz utzi zuen eta orduz geroztik euskara eta gaztelania irakasten ditu Londresen.

Hiru urte darama euskal etxean lanean. Lan osagarri bat da beretzat. «Hobby moduan egiten dut, irakastea gustatzen zaidalako eta nirez euskara irakaslea naizelako. Eta egiten dut jende ederra dagoelako, ikasteko gogoz. Batzuk hiru urtez egon dira gurekin. Maitatzen dituzu». «Ahozkoa lantzen dugu gehienbat; euskal kulturari buruz hitz egiten dugu eta liburuak irakurtzen ditugu. Komunitate bat sortzeko eta euskal kultura lantzeko modu bat da. Ez da hizkuntza saio gogor bat. Gramatika pixka bat ematen dugu, horrekin lotuta hitz egin, bideoren bat ikusi edota poema bat komentatu, lagunarteko saio bat bezala». Mailaren eta sasoiaren arabera aldatzen da ikasle kopurua. Ikasturtea hastean sei-zortzi lagun izaten dira klaseko, eta kurtsoak aitzinera egin ahala, bereziki uda iristen denean, batzuk desagertu egiten dira.

Badituzte Unibertsitateko ikasleak, jubilatuta daudenak, eta tarteko guztiak. Nerabeek aurten eskatu dute lehen aldiz, baina azkenean ekimena ez da aurrera atera, ez direlako eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura iritsi.

EUSKAL KULTURARI BURUZKO IKASTAROA

Aurten, Cervantes institutuarekin batera, euskal kulturari buruzko ikastaro bat eskainiko dute, hau ere Zoom bidez. «Euskal Herrian bizi direnei ere interesatzen ahal zaie, eta haientzat ere irekita dago», gonbidapena egin du Celia Matak.

Sei saio emanen dituzte, hizlari ederrekin, larunbatero, Londresko 15.00etan eta Euskal Herriko 16.00etan. Urriaren 26an izanen da lehena, eta azkena azaroaren 30ean. Iban Igartua hasiko da, euskararen jatorriaz eta ezaugarriez mintzatuz; mitologiari buruzko mintegia izanen da bigarren saioa; hirugarrena Erresuma Batura joandako ume euskaldunen gainekoa; laugarrenean Oier Araolaza ariko da euskal dantzaz; bosgarrenak bertsolaritza izanen du ardatz; eta azkena Aranzadik emanen du, Irulegiko eskuaz.

«ONGI ANTOLATZEN EZ BAZARA, DENA BIHURTZEN DA LANA»

Bost-hamar boluntariok osatzen dute London Basque Societyren motorra. Ekitaldietan parte hartzen dutenak, gutxi gorabehera, 200 lagun dira. Ibon Sotil Zabalo legazpiarra dabil zuzendari. «Denok gara boluntarioak, gure bizia eta lana ditugu. Baina hau ere hemen dago eta aurrera atera nahi dugu. Nahiko genukeena baino gutxiago eskaintzen diogu, Londresen ez dago-eta aisiarako denbora handirik», kontatu du.

«Jendea oso urruti bizi da, eta edozein puntatik iristeko ordubete behar da gutxienez. Bestalde, erritmoa azkarragoa da, jendeak bizimodu lanpetua dauka, eta alde soziala oso ondo planifikatu behar duzu, hilabetera edo bi hilabetera begira. Ez baduzu planifikatzen, ez duzu planik. Dena lan bihurtzen da».

Bada bertze ezaugarri bat: «Ni Shanghain bizi nintzen lehen. Han euskal etxea dago eta bada nukleo bat herrimina duzunean joateko. Londresen, berriz, herrimina baduzu, herrira itzul zaitezke hegaldi azkar batean».

EUSKAL HERRIKO SEME-ALABAK

London euskal etxeak ez du leku fisikorik baina euskal diaspora anitz baten elkargunea da. «Alde batetik pertsona nagusiagoak datoz, euskaldunen umeak, edo umetan Euskal Herritik etorri eta hemen familia sortu dutenak. Bada beste profil bat erdi bidekoa: lanera etorri ziren duela urte batzuk, eta luzatu egin zaie, 10-20 urte daramate. Gero, joan-etorri ibiltzen den jendea dago. Bi urterako datozenak agian ez dira pasatzen euskal etxetik, baina bost urte daramatenak jada bai».

Sotil azken profil horretakoa da. Baina, nork daki, erdi bideko profilekoa ere bihur daiteke. Sei urte darama Londresen. Hasieran gehixeago etortzen zen Euskal Herrira, orain lau hilabetero edo. Hiru urte darama euskal etxean.

KOKEINEN KONTZERTUA, AZAROAREN 1EAN

Euskara klaseez gain, ekitaldiak egiten dituzte bi hilean behin: kontzertuak, bazkariak, kultur ekitaldiak, historiaren ingurukoak... Irailaren 21ean Diaspora Eguna ospatu zuten, eta azaroaren 1ean Kokeinen emanaldiaz gozatuko dute. «Urte hasieran bilera bat egiten dugu, urte osoko planifikazioa egiteko. Anbizio handiko kontua izaten da: hilabetero ekitaldi bat. Ondoren egiten joaten gara, eta batzuk ez dira ateratzen, baina besteak bai. Gabonetako bazkaria, Diaspora Egunekoa... Urtero direnez, errazago egiten dira. Kontzertu bat antolatzeko, ordea, beste logistika bat behar da».

Basaranak biltzera ere atera ohi dira London euskal etxeko kideak, frikien modura. Hiri handian, gainera, ugari dauden fruituak dira. Ibon Sotil bera arduratzen da patxarana egiteko tailerraz.

«Buruko min askoz gain, emaztea txinatarra dudanez eta lanean euskaldunik ez dagoenez, ezta inguruan ere, egunerokoan ez dut euskaraz aritzeko aukerarik, eta euskal etxeak lotura hori ematen dit. Komunitate txikia gara euskaldunok Londresen, eta euskal etxeak euskaraz hitz egiteko eta gure gauzak egiteko bidea ematen digu. Gure hezkuntza nahiko antzekoa izan da, eta askoz errazago konektatzen da euskaldunen artean».

«Beste dena aitzakia da», aitortu du irriz.

Badago jendea ez duena euskaraz egiten, eta erdaraz ere ez. Batzuetan ingelesez aritzen dira, baina taldetxoak sortzen dira eta euskaldunak euskaldunekin batzen dira.

Ibon Sotilek Arrasaten ikasi zuen. Unibertsitatea bukatu eta gero Ingeniaritza ikasi eta Indiara joan zen lanera, handik Estatu frantsesera, jarraian master bat egin zuen Txinan, eta han lanean eman zituen sei urte. Momentu batean Euskal Herrira hurbiltzea erabaki zuen; Londresen lan aukera bat sortu zitzaion, eta teknologia enpresa batean dabil marketin arloan. Baieztatu duenez, Euskal Herrian hobeki bizitzen da, baina hemen ez dauden lan aukerak eskaintzen ditu Londresek, karrera profesionala garatzeko.

London Basque Societyko ateak zabalik daude. Harremanetan jartzeko haien webgunera jo daiteke: www.londonbasquesociety.com/