11 OCT. 2024 «JAKIN» PROIEKTUA Euskal pentsamenduari etxe berritua irekiko dio «Jakin»ek Duela hamar urte zuzendaritza talde historikoari erreleboa hartu eta “Jakin” jende eta gai berriek egurastu zuten. 1956tik euskal pentsamendua lantzen duen proiektuak beste berritze ziklo bat bete du, eta azala, barruak, weba nahiz taldea aldatu ditu. Euskal gatazkari eskaini dizkiote nobedadez betetako bide berri honen lehenengo bi aleak. Lorea Agirre, proiektuaren azal berritzea azaltzen, klaustroaren hondoan. (Jon URBE | FOKU) Maddi TXINTXURRETA “Jakin”ek Donostiako San Telmo Museoaren klaustrora eraman zituen atzo herri agintariak, euskalgintzako eta kulturgintzako ordezkariak eta jakinminean bazka hartzen duten herritarrak, proiektuaren eraberritzea aurkeztu eta ospatzeko aitzakian. Poltsa bana jaso zuen bakoitzak, eta poltsa bakoitzak, bi liburu. Bat, lehen ale berria, “Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka” izenekoa; gaurko begi gazteak euskal gatazkaren aldi hari begira jarri ditu eta jaso du, behingoz, esateko duten hori. Bi, bilduma bat: “Jakin”en, 1956ko bere sorreratik, noizbait argitaratu diren 222 autoreen esaldi mamitsuak. «Dabilen pentsamendua» leloak lagunduko du atzo ireki den aldi berria, eta horri fidel, Lorea Agirre “Jakin”eko zuzendariak atzeko lanei begira hasi zuen metamorfosiaren aurkezpena, zeren ziur agertu zen haustura oro segida bat dela; hala esaten zuen Joxe Azurmendik. 2014an Jakineko «belaunaldi kolosal, emankor eta eskuzabalari» erreleboa hartu zien taldeak ez zuen bidea hautsi. «Horien ideia askoren gainean, galderak egin beharraren gainean, gabiltza ondorengook zutik», esan zion Agirrek beteta zegoen klaustroari. Talde horrek hiru xederi heldu die: egungo auziak «gaur eta hemendik» identifikatzea, «aldatzen ari denari erreparatzea eta datorrenari usaina hartzea», lehenengoa, zuzendariaren hitzetan. Bigarrena eta hirugarrena, aldizkariaren -eta webgunearen, eta podcastaren, eta...- orriak hobeto banatzea: azken hamarkadan 350 artikulutik gora argitaratu dituzte, horietatik erdia baino gehiago emakumeek idatzi dituzte, eta 116 gazteek, 35 urtetik beherakoek, zehaztu zuen zuzendariak. Segidak hautsiz, eta hausturak segituz, aurten 68 urte egin dituen “Jakin” berria da jada. Dabilen pentsamendua ehizatuko du, zeren «euskal pentsamendua badugu gure buruari eta munduari eskaintzeko», adierazi zuen Agirrek. «Gutasun» horri eta munduari erreparatzeko ezinbesteko lau begirada erabiliko ditu “Jakin”ek: krisi ekosozialaren betaurrekoak jantziko ditu, «diruaren gurtza oinarrian duen gizarte neoliberal eta hiperkapitalistak sortzen dituen prekarizazioa, arrazismoa, kolonialismoa», eta abarrak ezin direlako hori gabe ulertu. Betaurreko feministak jantziko ditu, horiek gabe ezin delako azterketa zoli bat egin; eta «euskaldun izatearen, hizkuntza minorizatu eta nazio ukatu bateko kide izatearen baldintzapena eta indargunea» izango du laugarren hanka. KONTSEILU EDITORIALA Aldizkaria berrituta dator. Kanpotik, lehenengoz, azalean argazki bat erakutsiko du, eta barrutik, nobedadeen artean, Itziar Ugarte kazetari eta literaturgileak hartuko du garaiko galderak garaiko kulturgileei egiteko ardura. Baina “Jakin” ez da soilik aldizkaria, Haritz Azurmendi jakinkideak ohartarazi zuenez. Gogoratu zuen proiektuan pisu gero eta handiagoa hartu dutela euskal pentsamenduaren digitalizazioak eta ikus-entzunezkoek. «Norabide horretan hazten jarraitzeko pauso bat da berritze hau, garaian garaiko auzi unibertsalei euskaraz heltzeko eta euskal pentsamenduaren plaza zabaltzeko», esan zuen. Gorputzaz gain, burua ere aldatuko du “Jakin”ek. 2014an kontseilu editoriala sortu zuen lehenengoz, proiektuak jasoko zituen gaiak, horiei eman beharreko enfokeak, luma nori eman eta bestelako erabaki eta eztabaidak hartzen zituen erreferentziazko taldea. Orain, seikote berri hau jarriko da mahai buelta horretan: Garazi Arrula idazlea eta editorea; Sustrai Colina, bertsolaria eta kazetaria; Cira Crespo, idazlea eta historialaria; Xabier Landabidea, ikus-entzunezko komunikazioan aditua; Iratxe Retolaza, literatura kritikaria eta idazlea; eta Mikel Urdangarin, filosofian doktorea. Datozen urteetan ere dabilen pentsamendua ehizatuko du “Jakin”ek, zeren «euskal pentsamendua badugu gure buruari eta munduari eskaintzeko», adierazi zuen Lorea Agirrek.