Zuriñe IGLESIAS
TXIRRINDULARITZA

Euskadi Fundazioko presidente berria Iñaki Isasi txirrindulari ohia izango da

Aitor Galdos Laboral Kutxako kirol zuzendariaren ordez ekingo dio. NAIZ Irratiari esan dio «ilusio handiz» dagoela, eta ezin zuela «ezetz» esan.

Iñaki Isasi, Euskadi Fundazioko presidente berria.
Iñaki Isasi, Euskadi Fundazioko presidente berria. (@FundaCiclisEusk)

Iñaki Isasi izango da Euskadi Fundazioko presidente berria. Halaxe erabaki du Patronatuak aho batez. «Pozik eta ilusio handiz nago. Ilusio handia ikusten dut Patronatuan, baita talde guztietan ere. Ezin nuen ezetz esan», adierazi zion Isasik NAIZ Irratiari. Azken urtean Aitor Galdos izan da jarduneko presidentea, eta orain Arabako txirrindulari ohiak hartuko dio lekukoa.

Egitura profesionalizatzeko Fundazioaren gobernua indartu egin da, hiru kidetatik seira pasatuta. Andoni Madariaga izango da presidenteordea, eta Josu Badiolak diruzain lanak egingo ditu. Gainerako ugazabak Paulino Barrenechea, Enrique Guzman eta Juan Jose Trullos izango dira.

Horrelaxe suertatu zaio Isasiri Fundazioko presidente izateko aukera: «Urteak neramatzan erdi sartuta -2011n erretiroa hartuta, bi urte egin zituen kirol zuzendari gisa-. Azanzari laguntzen zuzendari bezala, eta kirol arduradun beste batzuetan. Beti saiatu nahiz ahalik gehien laguntzen. Orain Galdosek nahiago zuen nesken taldean egon, eta presidente bezala utzi egin zuen. Beraz, pertsona bat behar zen postu horretarako, eta sortu berri den Patronatuan nire burua aurkeztu zuten. Bozkatu eta hortxe jarri naute».

«URTE ZAILA»

Aitor Galdosek jarraituko du Laboral Kutxa taldeko kirol arduradun postuan, eta Jorge Azanzak, Euskaltel Euskadin. Talde horiek nola ikusten dituen galdetuta, Isasik adierazi zuen Laboral Kutxa «gora eta gora» ari dela, baina Euskaltel Euskadin ez dela urte «erraza» izan: «Euskaltel Euskadin urte apur bat txarra pasatu dugu. Dinamika txar bat hartu genuen, eta ez da urte erraza izan. Baina saiatuko gara hobetzen, eta tropelean indar handiagoa hartzen», esan zuen.

Datorren denboraldira begirako lanez galdetuta, jadanik hasi dituztela nabarmendu zuen Fundazioko presidente berriak. «Denbora daramagu horretan. Jendea ilusioz eta gogotsu ikusten dut. Lanean dabiltza aspalditik». Zehaztasun gehiago, ordea, ez du eman.

Ez du erronka makala Euskadi Fundazioak, baina badu non begiratu. Laboral Kutxa taldeak eredu ederra markatu du Euskaltel Euskadik bide berbera jarrai dezan.

2029 urtera arte babesle sendoa du, eta denboraldi honetan emaitza oso onak lortuta, gertu du datorren sasoiko helburua: World Tour mailako taldea izatea. Euskaltel Euskadik, berriz, ez du Orbearen eta Etxeondoren laguntza izango. Datorren denboraldian ez dute haiekin jarraituko.

Horri buelta eman nahian, taldeak Euskaltelen eta Kutxabanken ekarpena ziurtatu zuen, eta euskal erakundeen bultzadarekin, Fundazioak pausoz pauso haztea izango du helburutzat. Ekuazio horren barruan sartzen da 23 urtez azpiko Laboral Kutxa taldea ere.