12 OCT. 2024 Euskararen aurkako epaiak eteteko premia nabarmendu dute berriro Euskararen kontrako epai judizialak gerarazi egin behar direla aldarrikatu zuten atzo LABek eta ELAk Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. Aterpetxeetako garbitzaileen ingurukoa izan da azkena. CCOOk profilik gabeko langileak «seinalatzea» leporatu zien sindikatu abertzaleei. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, ELAk eta LABek dei eginda. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA DONOSTIA Euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen kontra epaileek harturiko erabakien aurka elkarretaratzea egin zuten atzo LABek eta ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Ildo horretako azken epaia Gipuzkoako aterpetxeetako garbiketa langileen egonkortze prozesuaren kontrakoa izan da. Bi sindikatuek ohartarazi zutenez, langile horiek herritarrekin duten harremana «zuzenekoa» da. «Epai honek langileen arteko ezberdintasunak sortuko lituzkeela ikusten dugu. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, ezingo lituzkete guztiek lan berdinak egin. Lanpostu bereko langileen arteko lan baldintzen aldaketak ekarriko lituzke», azaldu zuten mobilizazioan. Baina besterik ere nabarmendu nahi izan zuten: «Aterpetxeetako erabiltzaile nagusienak ikastetxeetako haurrak dira. Nahi baino gehiagotan entzun behar izaten dute eskaerak gaztelaniaz egiteko, langileak euskara ulertzen ez duelako. Aldundian aspertuta gaude egoera hauek salatzen». «Egoera honi galga ematea euskal klase politikoari dagokion ardura» dela uste dute ELAk eta LABek, «Euskararen Legea egokituz edo Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz. Mahai gainean daude adituek jarritako proposamenak; horietako bat, Iñigo Urrutia legegileak berak jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste alde batera begiratu; ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar dira». CCOO: «PROFILIK GABEKOAK SEINALATZEN ARI DIRA» Euskararen aurkako epai hauetako gehienen jatorrian hizkuntza eskakizunen kontra CCOOk aurkezturiko helegiteak daude, eta sindikatu horrek ELAren eta LABen atzoko protesta ez zuen batere begi onez ikusi. Bere ustez, hizkuntza «profilik gabeko langileak seinalatzea» da. Horrekin batera, lan eskaintza publikoetatik kanpo gelditzen diren langile prekarioen aurka egitea leporatu zien. Hizkuntza profilak «ilegalak eta neurriz kanpokoak» direla adierazi zuen CCOOk, eta hizkuntza eta lan eskubideak errespetatzeko bidean «proportzionalitate soziolinguistikoa» kontuan izan behar dela esan zuen. Kontuak horrela, sindikatu horren arabera, Gipuzkoan herritarren %20 eta %30 arteko kopuru batek eskatzen ditu Foru Aldundiaren zerbitzuak euskaraz. Horri erantzuteko euskara eskaera, berriz, %63koa dela azaldu zuen. Aterpetxeetako garbitzaileen kasuari helduta, hiru edo lau langileko txandetan aritzen direla argudiatu zuen, eta horietatik batek edo bik dutela harremana herritarrekin. DEI ARGIAELA eta LAB sindikatuek argi azaldu zuten nori dagokion epai hauekin sortzen ari den joera geraraztea: «Euskal klase politikoak ezin du beste alde batera begiratu; ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar dira».