12 OCT. 2024 KOLABORAZIOA Scarlett eta biok Aster NAVAS Euskaraz ez dugu «autumn» esaten, «udazkena» baizik. Hau «udako azkena» izango litzateke, and I think that’s beautiful. Beraien edertasunaz gain, hainbeste kontatzen dute gutaz eta bizi garen lekuaz gure «udazken» eta «uda-berri» horiek... Alde batetik, mundua ikusteko gure baikortasuna azpimarratzen dute: ia dena, baita negua ere (nec-uda), udatik, argitik, berotik ikusten dugula; bestetik, muturreko tenperaturarik ez dugun lurralde atsegin, paradisu moduko batean bizi garela. Hala ere, «otoño» ere hain hitz ederra da... Ahoskatu, dastatu silaba horiek merezi dute eta. Diozu −egin froga− «otoño» eta... Prentsan irakurtzen dudanez, Brad Pitt faltsu batek engainatutako emakume bizkaitarra «bizitzaren udazkenean» zegoen. Agian kazetariak esaldi horrekin ikusarazi nahi digu, adin batera heltzean, urriaren amaieran haritza hosto bat bezain zaurgarriak, ahulak garela: haize pixka batek, Cupidoren zurrustada xume batek adarretik erauzten gaituela. Izan gaitezen zentzudunak: Brad Pitten mezu bat jasoz gero, oso litekeena da −nire uste apalean− Brad Pittek ez bidaltzea. Batez ere, euskaraz edo gaztelaniaz idatzita badago. Badakit maitasunak eta desirak −aktorea hirurogei urterekin oso ondo mantentzen da− itsutu gaitzaketela, baina niri −deitu nazazue mesfidati− susmo bat edo beste sortuko lidake, zalantza bat edo beste. Brad Pitt?! Biktimaren abokatuak dio min handiena ematen diona ez dela zauri ekonomikoa, emozionala baizik. Euskaraz ez dugu «octubre» esaten, «urria» baizik, hil honetan argi orduak urritzen doazelako and I think that’s beautiful. Alabaina, «octubre» ere hain da ahogozagarria, ezta? «Delicatessen» fonetiko hutsa, bere hortz artekariekin eta herskari trabatuarekin... Diozu «octubre» −egin froga− eta... Holan izena du Jose Luis Sampedroren eleberri ospetsuenak, enblematikoenak: «Octubre, octubre». Nirea... gurea guztiz desberdina da. «Lost in translation» edo «Lucy» filmetan nola begiratzen zidan nabaritu nuenetik jakin, ulertu nuen, ziurtasun osoz, lehenago edo geroago elkar aurkituko genuela; egunen batean, filmaketa eta filmaketa artean, Scarlett Johanson nirekin harremanetan jarriko zela; denbora kontua baino ez zen. Hori dela eta, ez ninduen batere harritu bere lehen mezuak. Hunkitu egin ninduen −hori bai− email hartan euskaraz ulertarazteko berak egiten zuen ahaleginak. «Zuk osatzen nauzu», esan zidan bere azkenengo mezuan. Noizean behin dirua bidaltzen diot, martxan jartzen ari den fundazio baterako; ez, neska hori ez da kanpotik bakarrik ederra. Euskaraz ez dugu «in love» esaten, maiteminduta baizik. Hau «maitasunak minduta» izango litzateke, and I think that’s beautiful. Hainbeste kontatzen du gutaz «min» horrek; maitatzen dugun eta maitatzen gaituzten era hain ongi deskribatzen du... Hala ere, «enamorarse» ere hain da hitz esanguratsua... Ederki azaltzen dute silaba horiek nola inguratzen, nola setiatzen, nola harrapatzen, biltzen, estutzen gaituen maitasunak. Nola, udazkena heltzean, eusten diogun berari. Brad Pitt... bai zera! En fin. Euskeraz ez dugu «in love» esaten, maiteminduta baizik. Hau «maitasunak minduta» izango litzateke, «and I think that’s beautiful»