Ez, Pradales jauna, demokraziaren arriskuak ez datoz alde guzietatik
Pradalesen ustez demokrazia arriskuan dago, mehatxuak goitik eta behetik, ezkerretik eta eskuinetik jasotzen dituelako. Hala esan zuen ekitaldi batean lehengoan, bederen. Ohikoak dira halako diskurtsoak, nolabaiteko erdigune posizio bat eraiki nahian, “mutur guziak” berdinduz, alde batean gehiegikeriak, eta bestean, benetako demokratak, hau da, liberalak.
Ba, ez, demokrazia ez dago arriskuan goitik eta behetik, ezkerretik eta eskuinetik. Ez da egia. Demokrazia behekoek goikoen kontra egin dituzten borroken ondorioa da. Ezkerrak konkistatu du demokrazia, eskuinari aurre eginez. Hau da historiak erakusten diguna, eta, gaur egun ere demokrazia arriskuan badago, mehatxuak goitik eta eskuinetik datoz.
Batetik, elite kapitalistek sobera baitute demokrazia, baita demokrazia liberal formala ere, eta horregatik mugatzen, erasotzen eta higatzen ari direlako. Eta bestetik, horixe delako gaur egun eskuinean nagusitzen ari den apustua.
Ez da egia neoliberalismoak estatua desegin nahi duenik. Kolonizatu nahi du, halatan, elite finantzarien menpe jarri eta askapen, eraldaketa eta justizia soziala zein eskubideen zabalpen tresna gisa erabiltzeko gaitasuna ezabatzeko. Neoliberalismoan estatu sozial eta politikoa ahultzen dira, burujabetza eta ongizate ekoizpena mugatzen diren bitartean, errepresioa, kontrola eta konplizitate ekonomikoak indartuz. Hori da demokrazia kolpatu duena, kapitalismoak Berlingo Harresia eroritakoan egin zituen promesak ez baititu bete. Ez du inolako askatasun edo eskubiderik zabaldu, mugatu baizik, eta ez du ongizaterik ekarri, ezberdintasunak, prekarizazioa eta pobretzea baizik.
Eta alderdi batzuek agenda hori erabat barneratu eta indartu dute. Kontuak horrela, eta jeltzaleen ibilbideari erreparatuz, uste dut Pradalesek ez duela urrutira begiratu behar demokraziaren etsaiak aurkitzeko.