Hezkuntza
Orain arte Gaza kolapsatu ez izanaren arrazoi bat dago: gazatarrak beraiek». Unicefeko bozeramaile James Elderrek Ekialde Hurbileko komunikabide bati egindako adierazpenak dira horiek, genozidioak palestinarren heziketan izaten ari den eta izango duen eraginari buruzko elkarrizketa baten harira.
Gazako palestinarren alfabetatze tasa munduko altuenetako bat da. Hain zuzen, aitona-amonek zein gurasoek garrantzi handia ematen diote haurren heziketari. Gazatik heldutako irudiak horren froga dira: beren etxeetatik indarrez kanporatuak izan diren palestinarrek une honetan bizileku dituzten kanpadendetan toki egin diete adin guztietako umeentzako eskola orduei.
Idilikoa izatetik urrun dago deskribaturiko eszena. Genozidioaren ondorioz bizi-baldintzak arras eskasak dira Gaza osoan, eta, boluntarioek emandako eskola ordu gutxi horiek haurrak une batez terroretik babesteko modua badira ere, ezin diote adituek aurreikusitakoari buelta eman. Hezkuntza formala jasotako umeen belaunaldi oso bat galtzear da. Izendapen bat du hezkuntzaren erabateko suntsipen horrek: eskolastizidioa.
Ikastetxeak, zutik dirauten gutxi horiek, beren ohiko funtzioa galduta, babesleku bihurtu dira hainbat familiarentzat. Toki segurua izateari utzi diote, inoiz seguruak izan baziren, armada okupatzailearen erasoak areagotu baitira horrelako guneetan.