Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-ETAKO HAUTESKUNDE PRESIDENTZIALAK

Indigenen botoaren bila ahalegina, Kongresuan gehiengoa lortzeko

Ameriketako gainerako herrialdeetan antzera, Estatu Batuetan ere urriaren 12aren inguruan herri indigenen eguna ospatzen dute. Columbus Day (Kolonen eguna) jai egun federala izan arren, gero eta gehiago dira, baita ofizialki ere, jatorrizko herrien eskubideen aldarrikapenerako data gisa hartzen dutenak.

(Urtzi URRUTIKOETXEA)

Donald Trumpek 2020ko hauteskunde kanpainan herri indigen eguna ospatzea kritikatu zuen: «Lehengo astean [Joe] Bidenek Kolonen eguna aitortzeari uko egin zion, izena aldatu eta herri indigenen eguna izatea nahi du. Ezker erradikalak gure historia ezabatu nahi du. Ni presidente banaiz, ez da halakorik izango!».

Beltzen edo latinoen botoen aldean, hautagai nagusiak ez dira askorik arduratzen Ameriketako Estatu Batuetako jatorriko herritarren beharrizanez, haietako askok arazo larriak izan arren, eta kinka larrian egon, Washingtonek urteetan izandako asimilazio politika izugarrien ondorioz. Hala ere, badira indigenak, ondo antolaturik edo gutxiengoan egon arren, boto kopuru esanguratsua diren guneak.

Montana da horietako bat. Deep red edo «gorri bizi» (errepublikanoen kolorea) agertu ohi da hauteskunde presidentzialen mapan, inork ez dauka dudarik Trump gailenduko dela. Bideni hamasei puntu atera zizkion 2020an, eta inork ez du zalantzarik aurten ere Trumpen zakura joango direla Montanako hiru hauteskunde botoak (270 behar dira presidente izateko).

Alabaina, azaroaren 5ean ez dute presidentea bakarrik hautatuko. Ordezkarien Ganbara osoa eta Senatuaren herena ere jokoan daude. Azken horretan 51-49 aurretik geratu ziren demokratak duela bi urte. Gehiengo horri eustea oso zail dute, ordea, zenbait senatari demokrata -meritu handiz- soziologikoki kontserbadoreak diren estatuetatik baitatoz. Montanan, esaterako, Jon Tester senatari demokratak Tim Sheehy Navy SEALeko (operazio berezietako) militar ohia dauka aurkari laugarren agintaldi bat lortzeko Washingtonen. Inkestak errepublikanoaren alde ageri dira azken asteotan, eta horregatik biztanle gutxiko estatu horretako botoak berebiziko garrantzia hartu du.

Montanan 70.000 indigena bizi dira (estatuko biztanleen %7) eta zazpi erreserba daude. Demokraten alde bozkatu izan dute, baina errepublikanoak ere saiatu dira natiboak limurtzen. Duela aste batzuk hautagai errepublikanoaren audio bat zabaldu zuen Flathead Crow erreserbako kazetak; bertan burlaizez esaten zien barrezka zituen entzuleei zein «lotura» egin zitekeen «indio guztiekin, goizeko zortzietarako mozkortuta daudenean», garagardo latak bota zizkiotela gaineratuz.

Kritiken aurrean, aitortu zuen bereak zirela adierazpenak, eta agian zakarra zela aitortu zuen: «Bai, zakarra. Armadatik nator, gure jatorrizko herrietako kide asko bezala. Badakizu, txantxa zakarrak eta tonuz kanpoko txantxak egiten ditugu noizbehinka». Azken egunotan, iruzkinak argitaratu zituen kazetak grabaketak bere osotasunean atera ditu, adierazpenetan inolako ediziorik edo aldaketarik ez dela egon erakusteko.

Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako hamaika herri ordezkatzen dituen Mendi Harritsuetako tribuen kontseiluak Sheehyren adierazpenak gaitzetsi ditu, Ipar Amerikako indigenei buruzko estereotipoak betikotzen dituela salatuz. Kontseiluak barkamena eskatzeko galdegin zion irailean, baina Tim Sheehyk ez du halakorik egin.

Bryce Kirk Kontseiluko presidenteak Sheehyri desenkusatzeko eskatu zion gutun batean. «Gure botoak eskatzen dituzu eta gero zure diru bilketako ekitaldietara joaten zara; han ateak itxita, alkohola barra-barra dabilela gure kontura barre algaraka zabiltza, eta irain egiten diguzu gure jendea gutxiestea eta desondratzea helburu duen estereotipo batekin», idatzi zuen Kirkek. «Crow jendea ez da zure txantxen errematea. AEBetako indigenak ez gara zure txantxen azken jomuga», gaineratu zuen.

EMAITZA ESTUA IZANGO DELAKOAN, MONTANAKO INDIGENEN BOTOAK BEREBIZIKO GARRANTZIA HARTU DU.

Ehun urte dira Ameriketako Estatu Batuek bertako biztanle indigenak herritartzat hartu zituztela, baina denek ez daukate bermatuta boto eskubidea, gainerako herritarren gisan. Fort Peck-eko erreserban, esaterako, hauteslekurik gertuena ehun kilometrotara daukate. Biztanle asko pobrezian bizi dira, eta nekez egingo dute botoa emateko bidaia luzea; Montanan 34.000 dolarrean dago batez besteko urteko soldata; Fort Pecken, berriz, 12.000 dolar dira. Horregatik, hautesleku mugikorrak bertaraino eramateko eskatu dute. Estatuak ezetz erantzun die, eta auzitara jo dute.

Demokratek Senatuan Montanako aulkiari eutsi nahi badiote -eta jakitun dira oso zail dutela, teorian senatari bat berriz hautatzeko aurkezten denean aukera handiak izan arren-, badakite ezinbestekoa dela indigenen botoa aktibatzea, ipar-mendebaldeko blackfeet edo oin-beltzena eta hego-ekialdeko crow herriko 15.000 herritarrena bereziki. Neguan eta udaberrian egindako primarioetan ohi baino parte hartze txikiagoa izan da, eta, horregatik, ahalegin berezia egiten ari dira. Alderdi demokratak 200 milioi dolarreko inbertsioa egin du Montanan, inoizko handiena, Senatuan gehiengoari eusteko katebegi ahulena delakoan estatu hau.