Gu, mokofinok
Hegazti koloretsu eta deigarriak dira papagai, loro edo perruketak. 300 espezietik gora omen daude; handiak, txikiak, kolore askokoak, kolore gutxi baina bizikoak… pentsa ahala konbinazio, ziurrenik. Duten ezaugarrietako bat da euren garunak memorizatzeko eta errepikatzeko gaitasuna eskaintzen diela, hala soinuak, nola mugimenduak eta, ondorioz, inteligenteak direla diogu. «Loro» hitzaren sinonimoetan, ordea, ez da abila edo bizkorra terminorik agertzen, baizik eta «berritsu», «hitzontzi» edo «hiztun». Jakina, konnotazio negatiboan.
Batzuetan irratia iruditzen zait loro bat, isildu gabe jarduten dena, eta papagai bat, iragarkien atala zabaltzen duenean. Hortxe suertatu aditzea: «Ez molestatu, ez ditut zure bideoak entzun nahi». «Ez molestatu, ez dut zure berriketarik entzun nahi». «Ez molestatu, ez dut zure zaratarik entzun nahi». Begiak plater egin zaizkit, perruketa bati nola. Ez nau harritu singularrean aritzeak, aspalditxo da pluralak maiestatiko egin ditugula. Gehiago da zuk ni molestatzen nauzula, zeren izan zitekeen nik zu molestatzea, ez dakit, autokritikatxoari leku egiteagatik-edo, baina, antza, komunikatiboki indarra du ulertarazteak zu zarela gaizki ari dena eta ni ondo ari dena eta nik esango dizudala baina nor zara zu eta nor naiz ni. Irratitik kanpo irudia ere badu -honetara ezkero misterio ez zaizun- loroak. Gaizki-usteko izateko haizeak jotzen didanean ez da gozatuko nauenik eta ezin dut burutik kendu loroak, orokorki, eskualde beroetakoak eta tropikaletakoak direla. Ez da metroko kontua, metrotik kilometro askotara ere gertatu zaigu. Erreka bazterrean bizi gara eta udaran txunba-txunba erritmoek gogaitzen gaituzte zenbait eta, gainera, kaltegarria da inguruko faunarentzat.
Alabaina, ekologikoki leku berean musika auskalo zenbat dezibeletan jartzeari “jaiak” deitzen diogu. Ez dago esan beharrik zein den diferentzia. Eta, bai, portaera zibiko batzuk adostu behar dira baina, tarteka xamar, arrazismo puntu batek ihes egiten ez ote digun.