GARA Euskal Herriko egunkaria
THE LYLE AND ERIK MENENDEZ STORY (LA HISTORIA DE LYLE Y ERIK MENENDEZ)

Erruduntasunari eta zigorrari buruzko gogoeta


Ryan Murphy eta Netflix berriz elkartu dira, eta oraingoan “The Lyle and Erik Menendez Story” telesaila estreinatu dute. Lyle eta Erik Menendez anaien kasu iluna aztertuko dute: tiroz hil zituzten gurasoak 1989. urtean. Geure inguruan kasua oso ezaguna ez bada ere, 90eko hamarkadan AEBetan izandako eztanda mediatikoa itzela izan zen. Akusazioaren arabera, hilketen arrazoia dirua izan zen; aitaren posizioa usurpatu eta familiaren ondasuna bereganatzeko helburuz egin zuten. Akusatuentzat, aldiz, aita kontrolatzaileak eragindako abusu psikologiko, fisiko eta sexualen erantzuna izan zen indarkeria eztanda hura.

Bi hiltzaileen rola jokatzen Nicholas Alexander Chavez eta Cooper Koch aktoreak ageri dira. Aitortuko dizuet ez nituela ezagutzen, eta, lehen ataletan zalantzak sortu dizkidaten arren, istorioak aurrera egin ahala haien antzezpen lanek asko harrapatu naute. Gurasoak antzezten aurkezpenik behar ez duten Javier Bardem eta Chloë Sevigny topatuko dituzu.

80ko eta 90eko hamarkadetako giroa bikainki pantailaratu dute, eta murgiltze giroa oso nostalgikoa da. “Dahmer”-en esentzia mantentzen da, eta heldulekua ere berbera da, baina tonua eta batez ere pertsonaiak oso desberdinak dira. Ez zait hain iluna iruditu, espekulazioaren eremuan barneratzen gaituen serie arinagoa eta argitsuagoa iruditu zait; ironikoa, satirikoa eta ukitu camp handiagoa du. Tonuen arteko kontraste jokoak hotzikarak eragin dizkit, kasu ilun baten testuingurua azaltzen delako, baina ume txikiak bailiran jolasean ari diren bi pertsonaien ikuspegitik azalduta dago. Haiekin enpatia sentitzea ezinezkoa da.

Antologiaren lehen atala baino ahulagoa iruditu zaidan arren, gustatu zait. Biziki gomendatzen dudan lan bat da. Eta, gainera, euskarazko azpidatziez ikus daiteke.