14 OCT. 2024 Entrevista Koldo Martinez Geroa Bai-ko zinegotzia Iruñeko Udalean «Medikuntza ez da inoiz uzten; politikarekin berdin gertatuko zait» Koldo Martinezek Iruñeko Udala utzi du. Osasun arrazoiak direla kausa,, «alde batera» egitea erabaki du. Ez du aurreikusi nolakoa izango den bere ohiko bizitza berria, 18 urterekin hasi baitzen jardun politikoan. Bere lehen alderdia EHAS izan zen, Euskal Herriko Alderdi Sozialista. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Peli LEKUONA DONOSTIA Baikortasunez utzi du Iruñeko Udala Geroa Baiko hautetsiak. «Gobernu taldean gaudenok eta PSN norabide berean gabiltza, eta horrek lasaitu egiten nau», nabarmendu du. Halaber, azken jardun politikoa Nafarroako Auzitegi Administratiboan lortu duen garaipena izan da. Cristina Ibarrolak aurkeztutako errekurtsoan arrazoia eman diote. Erregionalista kexu zen zentsura mozio egunean Koldo Martinezek eskaini zion denbora tarteaz. UPN galdua, «mendian», ikusten du. Asko aldatu zaizu bizimodua betebehar politikorik gabe? Oraindik ez. Azken finean, elkarrizketa bat dela, beste zertxobait dela... Nolabait han jarraitzen dudan sentsazioa daukat oraindik. Baina bizitza asko aldatuko zait eta orain daukadan arazo nagusia da nola antolatu nire eguneroko bizitza, inoiz ez naizelako horrelako egoera batean egon. Gauza bat da kargua uztea eta beste bat politikarekiko interesa. Hori zailagoa izango da, ezta? Bai, noski. 18 urte nituela sartu nintzen politikan, Euskal Herriko Alderdi Sozialista deitzen zen horretan, eta geroztik betidanik alderdiren batean militatu dut. Eta, noski, horretaz gain izan dut nire eguneroko lana, nire lanbidea. Medikuntza ez da inoiz uzten; politikarekin berdin gertatuko zait. Zein egoeratan uzten duzu Iruñeko Udala? Gezurra badirudi ere, oso egoera polarizatuan. Lehen sei hilabeteetan Cristina Ibarrola izan genuen alkate; gero Joseba Asiron, zentsura mozioaren bitartez. Zentsura mozio batek gauzak arroztu egiten ditu eta UPN asko haserretu zen, batez ere alkatea zena, normala den moduan. Hori ulertzen dut, baina lehendik ere mendian bazeuden, ordutik are gehiago. Udala bitan banatu da. Batetik, gobernu taldea osatzen dugunok eta PSN eta, bestetik, UPN eta PP. Oso egoera deserosoa da. UPN hain galduta dago... Edozer erabiltzen du gobernu taldearen aurka egiteko. Jendarteak bere beharrak eta kezkak ditu eta UPN ez zaie erantzuten ari; beraien beharrei eta kezkei erantzunez egiten dute lan. Alde horretatik, egoera penagarrian ikusten dut Iruñeko Udala. Bestetik, gobernu taldea osatzen dugunok eta alderdi sozialista oso baturik gaude, norabide berean gabiltza, eta horrek lasaitzen nau. Nafarroako Auzitegi Administratiboak ebatzi du UPNko Cristina Ibarrolari ez zitzaiola parte hartzeko eskubidea mugatu zentsura mozioaz eztabaidatzean. Erabaki hura hartu nuen. Printzipioz, pentsatu genuen hamar minutu ematea bai Ibarrolari, bai Asironi beraien defentsa egin zezaten zentsura mozio horretan. Gero, pentsatu nuen hamar minututik seira jaistea bien parte hartzea, eta gobernu taldean gaudenok eta PSN ados agertu ziren. UPNtik jaso nituen ikaragarrizko irainak, «diktadore» eta «tirano» deitu ninduten, besteak beste. Epaitegietara jo zuten eta guk irabazi dugu. Pozik nago horregatik, noski. Torero batzuei gertatzen zaien moduan, ate handitik atera naiz. Horrez gain, niri gustatzen zait gai politikoak politikaren alorrean erabakitzea. Batzuek ikaragarrizko erraztasuna daukate epaitegietara jotzeko. Nire ustez, bi arlo desberdin dira justiziarena eta politikarena. Denbora tarte batez sustapen ekonomikoko, europar proiekzioko, berrikuntzako, gazteriako eta garapenerako lankidetzako zinegotzi ordezkaria izan zara. Jardun honetatik zein ekimen nabarmenduko zenuke eta zer gelditu zaizu egin beharrekoetan? Ez zait gelditu egin beharrekoetan, baina penaz utzi dut udala Pilotaren Interpretazio Zentroa bukatu gabe. Era berean, pozik nago uste dudalako sustraiak jarri ditugula, martxan dagoelako, adostasun erabatekoa daukagulako haren inguruan. Nituen alor horietan hainbat gauza egiten ari gara, baina ez dago alor horiek lantzerik epe laburrera. Ari ginen, eta nire kideek jarraituko dute; emaitzak onak izango dira. Nolakoa da Legebiltzarreko kide izan eta gobernuan zure alderdikidea izatea? Jauzi ikaragarri handia izan zen. Gau batean ZIUn ari nintzen lanean eta hurrengo goizean Geroa Bairen eleduna nintzen. Zaila izan zen, profesionalki ez nintzelako politikan aritua. Uxue Barkosi askotan esan diot zein zaila den gobernu bat defendatzea gauzak hain ondo egiten direnean. Oso zaila izan zen, 2015-2019an PSNk UPNrekin egin zuen bat Barkosen kontra eta ulertezina egiten zitzaidan alderdi sozialistak eskuin muturrarekin bat egitea. UPN, GALDUTA«Udala bitan banatu da. Batetik, gobernu taldea osatzen dugunok eta PSN eta, bestetik, UPN eta PP. Oso egoera deserosoa da. UPN hain galduta dago...» DESBERDINAK «Niri gustatzen zait gai politikoak politikaren alorrean erabakitzea. Batzuek ikaragarrizko erraztasuna daukate epaitegietara jotzeko»