GARA
ALTSASU-URDIAIN

Harri totemikoa altxatu zuten Sakanan GARAren 25. urteurrena ospatzeko

Egunkari baten euskarriak papera eta pantailak dira, batez ere, egungo digitalizazio garaian. Gurean, irrati uhinek ere berebiziko garrantzia dute. Nolanahi ere, guztiaren gainetik, harria da gure kulturari estuki lotuta dagoen materia. Horren erakusgarri, GARAren 25. urteurrena dela eta, atzo Sakanan egin zen ekitaldi hunkigarria.

Egin Eguna ospatu izan zen San Pedroko zelaietan egin zen, hain justu, GARAren urteurreneko ospakizun hunkigarria.
Egin Eguna ospatu izan zen San Pedroko zelaietan egin zen, hain justu, GARAren urteurreneko ospakizun hunkigarria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gure egunkariaren 25. urteurrenaren harira, San Pedroko zelaietan egindako Egin Egun historiko haiek gogoan izan zituzten atzo goizean. “Harri Herri. Iraganetik etorkizunera” lemapean antolatu ziren ekitaldien artean, GARAren omenez zizelkaturiko harriaren inaugurazioa izan zen aipagarriena, sinbologiaz beteriko unea izan baitzen.

Sakanako GARAren zale eta “Egin”-en zale talde batek antolatu zuen atzoko ekitaldi hunkigarri eta xumea. 200 bat lagun elkartu ziren ermitaren ondoan, han kokatzen baita 1988. urtean Egin Egunean ezarritako oroitarria. Berau estaltzen zuten ikurrina eta Nafarroa eta Palestinako ikurrak kendu ostean, aurrerantzean harri horren beste aldean GARAren izena irakurriko da harrian zizelkatuta.

Ekitaldian, Mertxe Aizpurua GARAko lehenengo zuzendaria eta Iñaki Soto, egungo zuzendaria, izan ziren. Eskerrak eman zizkien Sotok antolatzaileei, eta gogoan hartu zuen tokiaren sinbologia: «Egin egunak hemen egiten zirelako -gogorarazi zuen- eta, alde horretatik, gune hau guretzat sinbolo bat da».

ZERTARAKO HEDABIDEAK?

Kazetaritzaren balioa ere ekarri zuen gogora Sotok, baita adierazpen askatasuna ere: «Gertatu den guztia kontatu izan ez balitz, herri okerragoa izango ginatekeelako», aipatu zuen. «Gaur egungo fake news-ak garai haietan bertsio ofizialak ziren, eta gure hedabideak sortu ditugu bertsio ofizial horiei aurre egiteko», gehitu zuen.

Horren erakusgarri da urte osoan zehar GARA eta NAIZ “Etorkizuneko Artefaktua” delakoaren bidez egiten ari diren memoria ariketa: «Guretzat garrantzitsua izan da, ariketa kolektibo bat izan delako, atzera begiratu eta ikusi zein gauza egin ditugun, batzuk ondo eta beste batzuk ez hain ondo», aipatu zuen GARAko zuzendariak umoretsu.

Sotok eskerrak eman zizkien Altsasu eta Urdiaingo biztanleei, ekitaldia antolatzeagatik: «Beraiek erakusten dute, azken finean, gure proiektua zertarako den. Euskal Herrian jende pila bat ari da lanean kulturgintzan, politikagintzan, kirol munduan... alor anitzetan, eta guretzat garrantzitsua da jende horri garrantzia eman eta haien berri zabaltzea Interneten, paperean eta irratiaren bidez».

Ekitaldiaren ondoren, herri bazkaria egin zen. Egunean zehar, halaber, “Egin” eta GARAren azal historikoen erakusketa izan zen Altsasuko hainbat tabernatan.